Euskal Herrian 165 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz

Iruñeko ospitalea. IñIGO URIZ / FOKU
2020ko martxoaren 24a
13:28
Entzun

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eguneratu dituzte koronabirusak hildakoen eta kutsatutakoen inguruko datuak. Kutsatuen eta hildakoen gorakadak ez du etenik, eta atzotik beste 20 hildako erregistratu dituzte Euskal Herrian. Guztira, 165 dira jada COVID-19ak hildakoak.

Baieztatutako kasuak, berriz, 3.753 dira, horietako 432 azken 24 orduetan aurkitutakoak. Kasu berri gehien Bizkaian baieztatu dira, 157, eta guztira gaixo gehien dituen herrialdea da oraindik ere (1.189); atzo gainditu zuen Araba. Han, gaur, 77 kasu berri aurkitu dituzte, eta 1.086 daude baieztatuta. Nafarroan mila gaixoren langa gainditu dute gaur (1.014 positibo, 128 berriak), eta Gipuzkoan 453 kasu baieztatu dituzte, horietako 73, azken egunean. 

Ipar Euskal Herriko datuak zailak dira lortzen, Frantziako osasun sistemak eskualde administratiboen araberako datuak ematen baititu. Lapurdin 10 dira baieztatutako kasuak, zahar etxeek eta Baionako ospitaleak emandako datuen arabera. Gainera, Paueko ospitalean (Okzitania) zuberotar bat dago gaixorik —beste bat hil egin zen han—.

Hildakoen eta kutsatuen kopuruak gora egin ahala, gora egiten ari da sendatutako pertsonen kopurua ere. Hego Euskal Herrian hamargarren eguna du gaur konfinamenduak —zazpigarrena Ipar Euskal Herrian—, eta 355 dira gaixotasuna gainditu duten pertsonak. Horietako 54 gaur baieztatu dituzte. Ia guztiak, 344, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sendatu dira; Nafarroako Gobernuak, bestalde, 11 alta aipatu ditu.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan gaixoen %30 baino gehiago ospitaleratuta daude, eta Jaurlaritza hotelak eta egoitzak egokitzen ari da gaixoak jasotzeko. Bizkaian 635 pertsona daude ospitaleratuta, Nafarroan 405, Araban 344 eta Gipuzkoan 150. Hego Euskal Herrian, denera, 132 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitatean.

Probei dagokienez, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak adierazi du koronabirusa atzemateko 7.646 proba egin dituztela orain arte, horietako 600 inguru atzo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.