Lan jarduna

Osasuna bermatzen dela langileekin adostu ezean planto egitera deitu du LABek

Adostutako planik gabe jarduera abiatzen duten enpresak zigortzeko eskatuko du, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak aurreratu duenez. Koronabirusak jota hiru langile hil direla esan du eta lanerako itzulera «Confebasken irizpideen arabera egiten bada» lan osasuna ez dagoela bermatuta. Eusko Jaurlaritzak dio lanera itzultzeak ezin duela ekarri «lasaitzea».

Garbiñe Aranburu, gaur goizean. LAB
2020ko apirilaren 13a
11:58
Entzun

Milaka langile lantokietara itzuli bezperan, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak planto egitera deitu du enpresek langileekin adostu ezean haien osasuna bermatzen dela. Agerraldi bat egin du Aranburuk, eta prebentzio planak adostera deitu ditu enpresariak: «Enpresetan sindikatuekin prebentzio plan bat adostu ezean, jardueraren abiatzea eragozten saiatuko gara, langileak plantora deituz». Zehaztu du lantokietarako itzulera «Confebasken irizpideen arabera egiten bada» ezin dela bermatu langileen osasuna. Gaineratu du akordiorik ez badago desadostasunak Osalanek edo Nafarroako Lan Osasuneko Institutuak eta Lan Ikuskaritzak konpondu beharko dituztela, «arriskurik egon ez dadin ziurtatzeko eta ardurak behar bezala finkatzeko», eta LABek prebentzio planik gabe lanean hasten diren enpresak zigortzea eskatuko duela.

Aranbururen hitzetan, «osasunaren eta gehiengo sozialaren» eta «kapitalaren» arteko dikotomia da hau. Haren ustez, jasangaintza da koronabirusak eragindako heriotza kopurua, eta salatu du «presa» dutela industria jarduera abiatzeko : «Etetea beranduegi iritsi zen, eta oso gutxi iraun du. OME erakundeak jada ohartarazi du erabaki goiztiarrek berekin ekar dezaketela heriotzak ugaritzea. Bitartean, Madrilgo gobernuak alarma egoera luzatu du, baina CEOE patronalaren eta EAJ-Confebask osatutako bikotearen presioei men egin die. Gobernuak lanera itzultzeko erabakia hartu du, adituen batzordearekin kontsultatu ere egin gabe».

LABek baztertu egin du Eusko Jaurlaritzak jarduera abiatzeko prestatu duen plana. Azaldu du ez dutela jaso sindikatuaren ekarpen bat bera ere: «Jaurlaritzari eskatzen diogu manipulatzeari utz diezaiola planak sindikatuen oniritzia duela zabaltzerakoan. Gezurretan ari da», esan du Aranburuk. Hiru neurri proposatu zituen LABek plan horretan txertatzeko: sindikatuekin adostutako prebentzio neurrien plan bat egitea —langileek babesteko materiala banatzea, distantziak zaintzea lanerako sarrera eta irteeretan eta lanpostuetan, eremu komunak desinfektatzeko plan bat egitea, garbiketa neurriak ezartzea...—, oinarrizkoak diren jardueretako langileek segurtasun eta prebentzio neurriekin lan egin dezaten lehenestea, eta koronabirusa detektatzeko test azkarrak egitea.

Aranburuk salatu du gobernuak enpresa handien interesen alde ari direla eta ez direla gai herritarren osasuna bermatzeko. Gaineratu du hartutako erabakien ondorioz herritarren osasunarekin jolasten ari direla; konfinamendua luzatu daitekeela; ostalaritzak, tokiko ekoizleek, autonomo txikiek eta halako hainbat sektorek «oso kolpatuak» bukatuko dutela; eta ondoro sozialak biziki larriak izango direla. «Langileoi antolatu eta borrokatu beste biderik ez zaigu geratzen lan osasunaren eskubidea bermatzeko, zerbitzu publikoak sendotu ditzaten eta zaintza lanen arazoari konponbidea eman diezaioten, enplegua eta lan baldintzak mantendu ahal izateko», adierazi du.

Jaurlaritzak dio protokoloak indarrean daudela

Eusko Jaurlaritzak ohar batean adierazi du enpresen segurtasunerako protokoloa zehatz-mehatz bete behar dela eta ezin duela horrek ekarri babes neurriekin «lasaitzea». Gaineratu duenez, protokolo hori martxoaren erdialdean bidali zitzaien enpresei, eta atzotik jarduerari berriro ekiteko gida bat dago, lantokiak irekitzeko prozesuan laguntzeko. Jaurlaritzak dio lehentasuna koronabirusaren hedapena eragoztea dela, eta telelana egitea aholkatzen duela, lan presentziala duten langileak babesteko neurriak hartzearekin batera.

Jaurlaritzak bi protokolo jarri ditu abian, bat industriarako eta beste bat elikagai katean ari diren enpresentzat: arrantza, nekazaritza, abeltzaintza, elikadura industria eta banaketa guneak. Dioenez, hor zehaztuta daude zeintzuk diren neurriak eta aholkuak, eta martxoaren 14tik 29ra izan ziren moduan daude orain ere indarrean.

Obra publikoak ere ekingo dio jarduerari. Eusko Trenbide Sarean ere hasiko dira lanean, eta horien artean AHTa egiteko lanak, Donostian trenbidea lur azpian sartzeko lanak eta trenbide sareko gainerako guztiak. Itsas portuetan ere ekingo diote obra publikoari. Garraio publikoak lan egunetako zerbitzuaren %40 eta %60 artean eutsiko dio eskaintzari; orain arteko asteburuetako zerbitzua eskaintzen zuen. Enpresa bakoitzak ezarriko du zer zerbitzu emango duen, eta, behar izanez gero, %100ekoa ere eman ahal izango dute lanera sartu eta ateratzeko orduetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.