Haur eta nerabeen itxialdia arintzeko eskatu dute hainbat eragilek

Save the Children elkarteak Espainiako Gobernuari eskatu dio, osasun egoerak modua ematen badu, udan ikastetxeak zabaltzeko eta curriculuma egoera berrira egokitzeko.

Umeen konfinamendua aritzearen aldeko kartelak jarri dituzte hainbat balkoitan. JON URBE / FOKU
Edurne Begiristain.
2020ko apirilaren 14a
17:47
Entzun

Gero eta gehiago dira haur eta nerabeen itxialdiagatik kezkatuta dauden eragileak. Konfinamenduaren neurri zorrotzenak ari dira pairatzen adin txikikoak, eta haien egoera arintzea ezinbestekoa dela uste dute askok. Batetik, konfinamendua ezarri zenetik, umeek debekatua dutelako kalera ateratzea Hegoaldean. Bestetik, hilabete igaro delako Hego Euskal Herriko ikastetxeak itxi zituztenetik, eta ez dagoelako jakiterik ikasleek noiz eta nola amaituko duten ikasturtea.

Hezkuntza alorrari dagokionez, Isabel Zelaa Espainiako Hezkuntza ministroak hainbat neurri iragarriko ditu bihar. Erkidegoetako hezkuntza sailburuekin bilduko da telematikoki, eta, besteak beste, ikasturte amaierari nola aurre egin proposatuko die. Izan ere, gaur-gaurkoz, irakasleek ez dute jaso beren ikasleak ebaluatzeko moduari buruzko jarraibiderik, eta gaia kezka iturri bilakatu da irakasle zein ikasleentzat.

Hezkuntzako hainbat profesionalek bat egin dute kezka horrekin, eta gutun bat bidali diote Hezkuntza ministroari, neurriak lehenbailehen har ditzan eskatzeko. Save the Children Gobernuz Kanpoko Erakundeak abiatu du egitasmoa, eta hezkuntza esparruko zenbait elkartek eta adituk bat egin dute. Besteak beste, Zelaari eskatu diote osasun krisialdia baliatu dezala «aurrerapauso sendo eta eraldatzaile bat» emateko ikasle bat bera ere atzean gera ez dadin.

Hala, galdegin diote, osasun egoerak modua ematen badu, uda partean ikastetxeak ireki daitezela, «haur guztiei hezkuntza aukerak eskaintzeko, bereziki egoera zaurgarrian daudenei edo hezkuntza desfasea dutenei».  Halaber, eskatu diote ikasleen ebaluazioa moldatzeko, curriculuma egoera berrira egokitzeko eta zentroei eta ikasleei teknologia berrietarako baliabideak eskura jartzeko.

Itxialdia bera ere arazo bilakatzen ari da ume eta nerabe askorentzat. Konfinamendua hasi zenetik, haurrak etxetik ez ateratzeko agindua ezarria dago Hegoaldean. Iparraldean, berriz, egunean ordubetez atera daiteke paseatzera, etxe inguruan betiere, eta heldu batek lagunduta. Europako beste herrialde batzuetan ere kalera ateratzeko baimena dute umeek: Italian, adibidez, hemezortzi urtetik beherako haur eta nerabeak etxetik ateratzeko baimena eman du gobernuak.

Hegoaldeko umeen itxialdia arintzeko eskaera oihartzuna hartzen ari da azken egunotan, eta, besteak beste, zenbait guraso sare sozialetan salatzen ari dira umeen eskubideak eta beharrak existituko ez balira bezala jokatzen ari dela Espainiako Gobernua. Hori salatzeko, lapiko jotzea antolatu dute egunero, 18:00etan, haurrak "Europako edozein herrialdetan bezala atera daitezen" eskatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.