Etxerat-ek eskatu du presoek bideo deiak izan ditzatela

Etxerat-en hitzetan, nahikoa baliabide dago presoek senide eta lagunekin bideo deiak egin ahal izateko. Horiek ahalbidetzeko «borondatea» eta «planifikazioa» eskatu ditu. 

Etxerat-en prentsaurreko bat artxiboko irudian. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko apirilaren 15a
12:54
Entzun

Espainiako Gobernuak eta Frantziakoak ezarritako alarma egoera tarteko, presoen ohiko eta ezohiko komunikazioa eten egin dutela salatu du Etxerat elkarteak. Etxerat-ek nabarmendu duenez, gainera, komunikazioa eteteaz gain, espetxetako zuzendaritzek ez dute inolako alternatibarik jarri senide eta presoen artean komunikazioa mantentzeko. «Espainiako eta Frantziako estatuetako 55 espetxeetan ezarritako neurriak nahikoak ez direla baiezta dezakegu», azpimarratu du elkarteak. 

Espetxeko deiak mantendu arren, bisitak etenda daude alarma egoera ezarri zenetik, eta, beraz, hilabete baino gehiago da presoek ez dutela aurrez aurreko bisitarik jaso. Presoek bideo deiak kostu ekonomikorik gabe egin ahal izateko nahiko material badagoela dio Etxerat-ek, eta «borondatea» eta «planifikazioa» falta direla. Elkarteak erran duenez, Espainiako hamalau kartzelatan Whatsappeko 10-15 minutuko bideo deiak egin dituzte presoek. 

Beldurra eta ezjakintasuna sortzen dituen egoera honetan, preso daudenentzat are gogorragoa dela salatu du elkarteak, eta presoek senideak eta lagunak ikusteko eskubidea daukatela azpimarratu du. Bereziki nabarmendu du gaixorik dauden presoen kasua. 

Postaren zain

Etxerat-ek, gainera, salatu du kartzelan ez dutela inolako murrizketarik ezarri prezioetan, eta horiek txikitzeko eskatu du presoen kostu ekonomikoa txikitzeko. Gutun bidezko korrespondentzian atzerapenak daudela nabarmendu du elkarteak, eta, posta zerbitzuak lan egin arren, hogei kartzelatan baino gehiagotan gutunik ez dela iritsi salatu du. Frantziako La Santén kartzelako egoera salatu du elkarteak, bertan arazoak baitaude deiak egiteko eta posta jasotzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.