Mitxel Lakuntza: "Bere politiken zein zati berraztertzeko prest dago Jaurlaritza?"

ELA sindikatuko idazkari nagusiak uste du jendea "oso denbora gutxian" ohartzen ari dela sindikatuak aspaldian salatzen ari direna egia dela: esaterako, "sektore publikoaren rola" aldatu egin behar dela.

ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntza. ARITZ LOIOLA / FOKU
xabier martin
2020ko apirilaren 22a
13:26
Entzun

Lan agintaritzak ez du enpresa bat bera ere gelditu, "eta asko ari dira segurtasunaren alorra urratzen". Halaxe salatu du Mitxel Lakuntzak gaur, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean. ELAko idazkari nagusia "oso eszeptikoa" da elkarrizketarako mahai bat eratzeko aukera dela-eta, Eusko Jaurlaritzak ez baitie entzun nahi "akordio txikietarako ere". Lakuntzaren arabera, koronabirusak eragin duen krisia aztertuko lukeen mahai hori baino gehiago, "zein politika berraztertuko diren" jakitea da oinarrizkoa. Izan ere, "oso denbora gutxian" ohartzen ari da jendea sindikatuak aspaldian salatzen ari diren hainbat auzi egia direla: esaterako, "sektore publikoaren rola" aldatu egin behar dela, eta "atzerrira joan ziren hainbat enpresa ekartzeko beharra dagoela".

Lakuntzaren aburuz, osasun krisiak ekarritako krisi ekonomikoak oso nabarmen utzi ditu "austeritate politika eta ildo neoliberala", eta, egoera hori ikusirik, jakin nahi du "Jaurlaritzaren politikaren zein zati berraztertuko den". Zera galdetu du: "Beren politikaren zein zati berraztertzeko daude prest?".

Gogoratu du Osakidetzaren lantaldeko ia %40k behin-behineko kontratua dutela, eta hori "erabaki politiko baten ondorioa" dela. Azken urteetako "murrizketei" ere erreparatu die Lakuntzak. Sektore publikoarekin jarraituz, zahar etxeetako langileen "prekaritatea" gogoratu du. "Hemen, egon da eztabaida bat finkatzeko asmoz osasunari zein mailatan ematen zaion lehentasuna beste aldagai batzuen aldean; hori guztia garbira pasatu behar du Jaurlaritzak".

ELAko buruak uste du oso azkar ohartu dela gizartea zein diren funtsezko alorrak, eta horrek berehalako aitorpen soziala ekarri diela sektore horiei. "Bizitzak aurrera egitea ahalbidetzen duten horiek dira: osasuna, garbiketa, egoitzak, janaria eta abar". Bada, sektore horiek "bazter utzi" dituztela salatu du, eta "prekarizatu" egin dituztela azken urteetan.

Lakuntzaren arabera, "gakoa" da politika horiek guztiak berraztertuko ote diren ala ez. Eta horrekin batera, ea dagoeneko gauzatu den aitorpen sozial horrek berekin ekarriko ote dituen aitorpen politikoa eta lan alorreko aitorpena. "Txaloetatik, langileen zeregin erreala aitortuko duen erabaki politiko zehatzetara pasatu behar du Jaurlaritzak".

Zaharren egoitzak eta Rementeria

ELAko idazkari nagusiak ez du askorik espero Jaurlaritzak martxan jarri nahi duen eragile sozialen mahaia dela eta. "Elkarrizketarako beharra dago, baina gobernua erratu egin da lehentasunak jartzean, bakarrik patronalak esaten duena entzuten baitu; komunitate zientifikoak dioena ere ez du entzuten". Lakuntzak salatu du Osasun Sailak baztertu egin dituela adituak, eta "lagunak eta ideologikoki gertuago dauden pertsonak" jarri krisiaren batzordean; "eskandalu handia da hau".

Halaber, zaharren egoitzetan hildako adindu ugarien inguruan hitz egin du Mitxel Lakuntzak. Eskatu du testak egin diezazkietela osasun alorrean diharduten garbiketa eta mantentze lanetako langileei ere , ez bakarrik zehazki osasunaren langileei. "Zortzi egoitzaren aurkako salaketa judizialak jarri ditugu, eta epaileek ebatzitako guztietan eman digute arrazoia. Osakidetzan ere izan dugu aldeko ebazpen bat, EAEko Justizia Auzitegi Gorenak emandakoa. Bada, guztietan onartu dute ez zirela ari bermatzen langileen segurtasuna".

Adinekoen egoitzetan gertatzen ari dena ikusita, "oso larritzat" jo ditu Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementariaren hainbat adierazpen. "Datuak ezkutatzen ditu, kudeaketa txarra ezkutatu nahian, eta alarma handiagoa sortzen du", esan du ELAko buruak; "justifikaziorik gabeko alarma batean ez duela parte hartuko", esan du Rementeria jaunak, eta hori ez da onargarria. Egoitzetan gertatzen ari diren heriotzak hor daudela; ez badago benetako alarma bat, esadazu zein den benetako alarma bat".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.