Herri kirolak

Datorren urtera atzeratu dute Lur Gaineko Munduko Sokatira Txapelketa

«Orain arteko moldeari» eusteko asmoa adierazi du antolakuntza batzordeak; 2021eko irailaren 15etik 19ra egingo dute, Getxon, Faduran. Hango emaitzak baliagarriak izango dira 2022ko Munduko Jokoetarako.

Jon Ander De la Hoz.
2020ko apirilaren 26a
14:35
Entzun

Aurten ez da Lur Gaineko Munduko Sokatira Txapelketarik jokatuko. Irailaren 16tik 20ra Getxoko (Bizkaia) Fadura kirol instalazioetan egitekoa zen lehiaketa, baina antolatzaileek atzeratu egin dute. Azken egunetan zenbait batzar egin ostean, TWIF Nazioarteko Sokatira Federazioarekin atzo izandako hartu-emanek behin betiko erabakia hartzera bultzatu dute Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak, Bizkaiko Federazioak eta Getxo Herri Kirol Taldeak osatutako batzorde antolatzailea: «COVID-19 gaitzak eragindako egoerak ez du bermatzen gisa honetako kirol ekitaldi bat baldintza egokietan egitea», adierazi dute prentsa ohar baten bidez.

Azken asteetan mamitu da erabakia. Aurreikusitako datarako bost hilabete inguru falta arren, arlo fisikoari erreparatu diote txapelketa atzeratzeko: «Irailean izango dugun egoeraren inguruko ziurgabetasunari zera gehitu behar zaio: kasurik onenean ere taldeek eta selekzioek ezingo dutela egoera fisiko onenean aritu». Horregatik, txapelketa urtebete atzeratzea hobetsi dute. «Molde berean» egingo dela adierazi du antolakuntzak. Getxon egingo da, 2021eko irailaren 15etik 19ra.

Munduko Jokoetarako baliagarriap>

Munduko Txapelketaren inguruko erabakiak, halaber, 2021ean Birminghamen (Alabama, AEB) egitekoak ziren Munduko Jokoak 2022ra atzeratzea ekarri du. Hala, Getxoko zenbait emaitza puntuagarriak izango dira Munduko Jokoetarako. Hiru proba hartuko dituzte kontutan: gizonezkoen 640 kilokoa, emakumezkoen 540koa eta 580 kiloko tiraldi mistokoa.

Jokoek Olinpiar Jokoetan egiten ez diren hainbat kirol biltzen dituzte, eta horien artean da sokatira. IWGA Munduko Jokoen Nazioarteko Elkarteak antolatzen ditu, Nazioarteko Olinpiar Batzordearen babespean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.