Klima larrialdia

2050erako «karbonoan neutroa» izateko legea abiatu du Madrilek

Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren lege egitasmoa onartu du Espainiako Ministroen Kontseiluak. Zuzeneko CO2 emisiorik gabeko autoen erabilera eta energia berriztagarrien ekoizpena sustatzeko neurriak bideratuko ditu.

Energia berriztagarriak sustatuko ditu Espainiako Gobernuak lege berriaren bidez. JESUS DIGES / EFE
Maite Asensio Lozano.
2020ko maiatzaren 19a
18:48
Entzun

Klima larrialdiari aurre egiteko pauso bat eman du gaur Espainiako Gobernuak: Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren lege proiektua onartu du Ministroen Kontseiluak, eta, beraz, araua aztergai izango da Kongresuan datozen hilabeteetan. Helburu gisa jarri du «2050erako beranduenez Espainia karbonoan neutroa» izatea, hau da, oreka lortzea planeta berotzen duten gas emisioen eta isuri horiek atzemateko eta deusezteko baliabideen artean. Adituek marraztutako bide orrietan, ezinbestekoa da emisioak nabarmen murriztea, eta horretara bideratutako jarduera ildoak zehaztu ditu legeak, batez ere energia berriztagarriak eta auto elektrikoak sustatzera.

2015ean Parisko Akordioan ezarritako helburuak betetzea dago arauaren oinarrian: planetaren berotzea bi graduren azpitik mantentzea industrializazio aurreko garaiarekin alderatuta, eta, ahal dela, ez izatea 1,5 gradutik gorakoa. «Eredu ekonomikoa eraldatu behar da, eta oparotasun inklusiboarekin lotutako kontratu sozial berri bat ezarri, planetaren mugen barruan», dio testuak. Agenda hori «globala» dela eta, Europako Batasunean adostutako ildoei jarraitu die Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak.

Hona hemen lege egitasmoak jaso dituen ideia eta asmo nagusiak:

Isuriak eta epeak

Bi data erabiltzen ditu legeak erreferentzia gisa, eta horien araberako xedeak jarri ditu: 2030. urterako gas emisioak gutxienez %20 murriztu beharko dira, eta 2050erako, gutxienez %90, 1990eko isuriekin alderatuta.

Ibilgailuak

Garraioa da berotegi efektua eragiten duten gasen iturburu nagusia; errepide bidezko mugikortasunak isurien %25 sortzen du, eta eremu hori eraldatu nahi du gobernuak. 2050erako ibilgailu arinak «garbiak» izan daitezen nahi du, hau da, zuzeneko karbono dioxido isuri gabekoak. Autogintza sektorearekin lan egiteko asmoa ageri da testuan, berrikuntza teknologikoak txertatzeko. Auto elektrikoen erabilera sustatzeko, ibilgailuok kargatzeko lekuak ere arautuko ditu legeak: mapa informatibo bat osatuko du, eta gasolindegi handienak karga azkarreko lekuak edukitzera behartuko ditu.

Erregai fosilak

Adituen eta ekologisten aspaldiko eskaera bat jasoko du legeak: «Ez da emango hidrokarburoak aztertzeko eta ustiatzeko baimen gehiago». Testuak berariaz aipatzen du fracking teknikaren bidezko egitasmoak ere alboratzea. Aginduak, ordea, ez die eragingo legea indarrean sartzean martxan diren proiektuei. «Gas berriztagarriak» sustatzeko asmoa du gobernuak, hala nola biogasa, biometanoa eta hidrogenoa. Aire eta itsas garraioan ere «erregai alternatiboak» bultzatuko ditu.

Energia berriztagarriak

2030erako energia kontsumoaren %35 iturri berriztagarrien bidez sortu beharko da, eta, argindar sarean, %70. 2050ean, berriz, sistema elektrikoa energia berriztagarrietan oinarrituko da osorik. Testuak aitortu du «aurrekaririk gabeko bultzada» eman beharko zaiola energia berriztagarrien ekoizpenari, baina trantsizio energetikoa «aukeratzat» hartu du: datozen hamar urteotan 200.000 milioi euroko inbertsioak egin ahal izango direla nabarmendu du legeak, eta horrek ekarriko duela BPGa haztea eta urtero 250.000 enplegu baino gehiago sortzea.

Emisio gutxiko zonak

50.000 biztanletik gorako udalerriek mugikortasun neurriak hartu beharko dituzte, garraioarekin lotutako isuriak murrizte aldera: oinez edo bizikletaz ibiltzea sustatu, garraio publikoa hobetu... Berritasun esanguratsu bat dakar lege egitasmoak herri handi eta hirietarako: emisio gutxiko zonak eduki beharko dituzte 2023. urterako. Arnasgune horiek «osasun publikorako funtsezkoak» direla adierazi izan du Teresa Ribera ministroak.

Gobernantza tresnak

Helburuok lortzera estatuko aurrekontuen %20 bideratu nahi du Espainiako Gobernuak, «gutxienez». Trantsizioa bideratzeko prozesuan, bi tresna eratu nahi ditu: batetik, energiaren eta klimaren inguruko plan bat egingo du estatu osoan hamar urtean behin, epe luzerako erabakien eta inbertsioen norabidea ezartzeko; eta, bestetik, 2050erako Deskarbonizazio Estrategia abiatuko du, besteak beste, emisioen eragina xurgatzeko edo deusezteko egitasmoak kudeatzeko.  

Gainera, klima aldaketaren arriskuak aurreikusteko eta haren ondorioetara egokitzeko planak ere abiatuko ditu. Ildo horretan, Riberak nabarmendu du trantsizioak «bidezkoa» izan behar duela, eta gobernuak arreta jarriko duela halako aldaketek kalte egindako talde sozialetan, sektoreetan eta lurraldeetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.