Hamargarren egunez jarraian ez da adinekorik zendu Gipuzkoako zahar etxeetan

Ekainaren 8tik aitzinera, gainera, senitartekoek egoiliarrak bisitatzeko aukera izanen dute. Hasieran, familiako kide bakarrak egin ahal izango ditu bisitak; ekainaren 22tik aitzinera, berriz, bi lagunek. 

Tolosako Iurramendi egoitzan dagoeneko ez dago koronabirus kasu positiborik. JON URBE, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko maiatzaren 20a
18:26
Entzun

Hamargarren egunez jarraian, koronabirusak ez du inor hil eta ez dute beste kutsaturik atzeman Gipuzkoako zahar etxeetan. Koronabirusak gogor jo ditu adinekoen egoitzak; azken egunetako datuek, ordea, erakusten dute egoera hobetzen ari dela pixkanaka. Denera, 65 zahar etxe daude Gipuzkoan, eta horietatik lautan bakarrik daude orain koronabirus kasuak. Gipuzkoan, 367 adinekok gainditu dute gaitza; 167 zendu dira, eta 28k dute oraindik diagnostiko positiboa. 

Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak eman ditu datuak: «Azken egunetako datu onak Gipuzkoan COVID-19 gaitzaren kontra borrokan ari diren pertsonek egindako lanaren ondorio zuzena da: egoitzetako langileak, osasun zerbitzuetakoak, suhiltzaileen foru zerbitzua, hirugarren sektoreko eragileak…».  Mendozak nabarmendu du «taldean lan» egin izanaren ondorio direla azken egunetako datuak. 

Bisitak, ekainaren 8tik aitzinera

Zahar etxeetako egoera hobetzearekin bat, aurretiaz programatutako bisitak egiten hasiko dira Gipuzkoako egoitzetan. Bigarren fasean, ekainaren 8tik aitzinera senitarteko bakar batek egin ahal izango dio bisita egoiliarrari. Ekainaren 22tik aitzinera, berriz, bi senitartekok. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak nabarmendu duenez, «segurtasun neurri zorrotzak» bete beharko dituzte bisitak egiteko. 

Maite Peña Gizarte Politiketarako diputatuak aurkeztu du, Olanorekin batera, zahar etxeetako bisitak arautzeko bide orria. Helburua egoiliarren ongizatea eta osasuna zaintzea izango da, eta, horretarako, hainbat prebentzio neurri ezarriko dituzte. Egoera juridikoaren eta epidemiologikoaren arabera, plana aldatuz joango da. 

Olanok nabarmendu du zahar etxeak «lehentasunezkoak» direla aldundiarentzat, eta horregatik indarrean jarraituko dutela segurtasun eta osasun neurriek. Gainera, Osakidetzako adituek gertutik erreparatuko diote egoitzetako egoera epidemiologikoari, eta PCR probak eta test azkarrak egingo dizkiete bai egoiliarrei eta bai langileei. 

Peñak nabarmendu du koronabirus kasu positiborik ez dagoen egoitza batzuetan hasiak direla dagoeneko senitartekoen bisitak jasotzen, betiere medikuak hala agindu duen kasuetan. Bigarren fasetik aitzinera, adinekoek elkarbizitzari ekingo diote berriz, talde txikietan, eta kanpoaldeko terrazetara ateratzen hasiko dira pixkanaka, Gainera, fase horretan senitartekoak egoitza ingurura hurbiltzen ahalko dira, kanpoaldetik egoiliarrak ikusteko.

Hirugarren fasean, ekainaren 8tik aitzinera senitarteko batek bisita egin ahalko dio egoiliarrari, aurretiazko txanda hartuta, eta segurtasun neurri zorrotzak beteta. Laugarren fasean, bi senitartekok egin ahalko dute bisita. Hirugarren fasetik aitzinera, konfinamendua egoitzatik kanpo igaro duten adinekoak egoitzara itzuli ahalko dira, PCR proban negatibo eman eta berrogeialdia bete ondotik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.