1979ko estatutua

Ekainean berrekingo diete eskumenen transferentziei, hiru hileko etenaren ostean

Erkorekak eta Dariasek erabaki dute konfinamendua arintzeko 3. fasean heltzea iragan martxoan negoziatzekoak ziren hiru eskualdatzeei.

Darias eta Erkoreka, otsailean egindako bileraren ondoren, Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan. JUANAN RUIZ / FOKU
Andoni Imaz.
2020ko maiatzaren 25a
15:27
Entzun

Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin adostu du konfinamendua arintzeko 3. fasean hasiko direla berriro negoziatzen eskumenen eskualdatzeak. Bideo bidezko bilera bat egin dute gaur Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak eta Carolina Darias Espainiako Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroak. «Funtzio publikoaren kudeaketarekin lotutako gaiei» buruz aritu dira batez ere, baina transferentzien egutegia berriro martxan jartzeko asmoa nabarmendu dute, hiru hilabeteko geldialdiaren ondoren.

Gernikako Estatutuaren arabera Eusko Jaurlaritzari dagozkion baina oraindik Espainiako Gobernuaren esku dauden eskumenen eskualdatzeaz hitz egiteko Transferentzien Batzorde Mistoa joan den martxoaren 16an zen elkartzekoa, baina bilera atzeratu zuten Darias gaixotu egin zelako, eta ordutik ez dira berriro elkartu. Bilera hartan, hiru eskumenen transferentziak negoziatu behar zituzten: farmaziako produktuei buruzko legedia, eskola asegurua, eta enplegua erregulatzeko espedienteen eraginpean dauden langileen erretirorako laguntzak.

Eusko Jaurlaritzak adierazi du 3. fasera igaro orduko elkartuko dela Transferentzien Batzorde Mistoa, eta martxorako programatutako hiru gai horiez arituko direla aurrez aurreko bilera batean.

Hiru eskumen horiek lehen blokea osatzen dute, eta beste hiru daude atzetik gobernuek otsailaren 20an adostu zuten kronograman. Egutegia moldatu beharko dute orain. Berez, ekainean hastekoak ziren bigarren blokeko eskumenen transferentzia negoziatzen: espetxeena, itsasertzaren antolamenduarena eta errepideko garraioena, besteak beste.

Orain arteko egutegiaren arabera, 2022. urterako osa liteke guztiz Gernikako Estatutua. Datorren urtearen lehen zatian negoziatu behar zituzten kredituei, garraio eta portuei eta unibertsitateei buruzkoak, besteak beste. Gizarte Segurantza azkenerako utzi zuten, 2021. urtearen bigarren parterako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.