Bizkaiko hondartzetan mugatuta egonen da pertsona kopurua

Semaforo sistema bat ezarriko dute hondartzan zenbat jende dagoen adierazteko. Gainera, iturri eta dutxak itxita egongo dira uztailera bitartean gutxienez. 

Getxoko Arrigunaga hondartza, atzo. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko maiatzaren 26a
18:48
Entzun

Ekainaren 15ean hasiko da hondartza sasoia Bizkaian. Ezohikoa izango da aurtengoa, koronabirusa dela-eta neurri bereziak hartu beharko direlako. Gaur bildu dira Bizkaiko Foru Aldundia eta hondartza duten herrietako alkateak, eta  hondartzetan hartu beharreko neurriak zehaztu dituzte. 

Aurreko urteetan ez bezala, mugatua egonen da hondartzan aldi berean egon daitekeen jende kopurua. Aldundiko eta udaleko ordezkariek zehaztuko dute hondartzaren gehienezko edukiera, eta sorosleen eta hondartzazainen ardura izango da hori kontrolatzea. Megafoniaz, Interneten eta Bizkaiup telefonorako aplikazioan kontsultatu ahalko dute herritarrek nola dagoen hondartza.

Semaforo bidezko sistema erabiliko da. Semaforoa berde badago, esan nahiko du hondartzan badagoela lekua; laranja koloreak adieraziko du betetzen hasia dela, eta gorria badago, jende gehiago ezin dela sartu. Aldundiak herritarrei eskatu die joan aitzin hondartza nola dagoen kontsultatzeko. 

Edukiera mugatua izanik, gehienez ere hiru ordu egoteko eskatu du Bizkaiko Aldundiak, ahalik eta jenderik gehienak izan dezan hondartzan egoteko aukera. Hala, goizeko hamaiketatik arratsaldeko zortziak arte zanalik egongo dira hondartzak, eta ordu horietan ezingo da kirolik egin hareatzan. Hondartzan ahalik eta tokirik handiena izateko, hamakarik, eguzkitakorik eta bertzelako objekturik ez eramateko eskatu dute. Hondartza denboraldiko lehenengo bi asteetan, dutxak eta iturriak itxita egonen dira, eta uztailaren hasierarako erabakiko dute erakundeek ireki edo ez. 

Gipuzkoan, uztailaren 1ean zabalduko dituzte hondartzak, baina sorospen zerbitzua ekainaren 15ean paratuko dute. Oraindik zehazteko dago zer neurri hartuko dituzten Gipuzkoako hondartzak irekitzeko. Lapurdin, maiatzaren 16az geroztik daude zabalik: paseatu, bainatu eta kirola egin daiteke, baina ezin da hondarretan etzanda egon. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.