Haurrei ateratzeko mugak kendu dizkiete Hego Euskal Herrian

Edozein ordutan eta denbora mugarik gabe egon ahalko dira kalean. Kirol ez-profesionala ere nahi adina eta nahi denean egin ahalko da.

Haurrei orain arte ezarritako ordutegi zorrotza kendu dute. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Edu Lartzanguren.
2020ko maiatzaren 27a
15:20
Entzun

Gaurtik aurrera, nahi dutenean eta nahi adina atera ahalko dira Hego Euskal Herrian, eta kirola egiteko mugak ere kendu dituzte.

Espainiako Osasun Ministerioaren baimena argitaratu du Espainiako Buletin Ofizialak, eta neurriak malgutzeko maiatzaren 16an erabakitako neurriei gehitu diote. Kirol ez-profesionalari dagokio neurria, eta, aurrerantzean, nahi adina denboraz egin ahalko da.

Euskal kostaldeko hondartzetako sasoia prestatzen hasi diren honetan, horiei dagozkien erabakiak argitaratu dituzte. Udalek aukera izango dute hondartzetan sartzeko mugak ezartzeko, denborari eta hondartzazale kopuruari dagokienez. Ziurtatu egin beharko dute hondartzetan bi metroko tartea aintzat hartzen dela. Beraz, hondartzazale bakoitzak lau metro koadroko lekua eduki beharko du, eta horren arabera kalkulatu beharko dute udalek zenbat pertsona egon ahalko diren hondartzetan une bakoitzean, eta itsasaldien arabera.

Udalek ezingo dute kobratu hondartzetan sartzeko, baina mugatu ahalko dute zenbat denbora egon ahalko den bisitari bakoitza hondartzan.

Zaborrak

Zabor biltzaileentzako jarraibide bat ere argitaratu dute: errefusa jasotzen duten plantetan ezingo dituzte zabor poltsak eskuz zabaldu. Izan ere, asteotan asko handitu da errefusa kopurua, besteak beste, COVID-19arekin gaixoturikoak artatzeko eta birusa ez kutsatzeko materialarengatik.

Hondar horiek erre ahalko dituzte, edo zabortegira eraman aurretikako tratamendurik gabe. Hirugarren fasean sartuz gero, ordea, bertan behera geratuko da baimen berezi hori. Tokian tokiko agintariek hondar horiek errausteko eskatu ahalko diete zaborra erretzeko baimena duten porlan lantegiei, esaterako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.