Athletic

Athleticek berritu egingo dio kontratua Garitanori

Konfinamenduaren osteko Ligako lehen partida ekainaren 12an, 13an edo 14an jokatuko du taldeak, Atletico Madrilen aurka.

Rafa Alkorta Athleticeko kirol zuzendaria, Gaizka Garitano entrenatzailea eta Aitor Elizegi lehendakaria, entrenatzailearen aurreko kontratua berritzeaz iazko apirilean emandako prentsaurrekoan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Edu Lartzanguren.
2020ko maiatzaren 28a
17:41
Entzun

Euskadi Irratiak zabaldu duenez, Athleticek kontratua berrituko dio Gaizka Garitano entrenatzaileari. Bi aldeek nahi dute kontratua berritzea futbol sasoia berriz zabaldu baino lehen. Lehen partida ekainaren 12an, 13an edo 14an jokatzekoa du Athleticek, Atletico Madrilen aurka, etxean.

Athleticek aspaldi esan du Garitanori postuan eutsi nahi diola: Aitor Elizegi Athleticeko presidenteak eskatu zion jarraitzeko, beste bi urte. Agintaldia amaituko du Elizegik orduan. Garitanok berak ere akordioa sinatu nahi zuen. Athleticeko zuzendaritzak maiatza amaitu baino lehen sinatu nahi du kontratua. Euskadi Irratiak iragarritakoa betetzen bada eta bihar sinatzen badute, helburua beteko da.

Gaizka Garitano futbolari ohia da. Derion jaio zen, 1975. urtean, futbolari familia batean: aita Angel Garitano Ondarru zuen, eta osaba, Ander Garitano. Athleticeko harrobian hazi zen, eta, horren lehen taldean jokatzeaz gain, Eibarren, Ourensen (Galizia), Realean eta Alavesen ibili zen. Entrenatzaile gisa Eibarrekin hasi zen, eta taldea Bigarren B Mailatik Lehen Mailara eraman zuen bi denboralditan. Ez zuen zorterik izan Valladoliden (Espainia) eta Deportivon (Coruña, Galizia), bietatik bota egin baitzuten. Ikasketaz kazetaria da, baina futbolari eskaini dio bizitza. Athletic entrenatu du azken bi denboraldietan, eta azken 61 partidetatik 27 irabazi ditu taldeak, eta 16 galdu. Horrez gain, Espainiako Kopako finalean sartu du taldea. Maiatzaren 22an zen jokatzekoa finala, Realaren aurka, baina konfinamenduak bertan behera utzi zuen. Oraindik ez dute erabaki noiz jokatuko duten.

Garitanori 2018an eman zioten zuri-gorriak zuzentzeko ardura, eta «pozik» hartu zuela adierazi zuen. Eduardo Berizzo Athleticeko aurreko entrenatzaileak proposatu zion txanda hartzea, zuzendaritzaren izenean. «Ez nuen bitan pentsatu. Klubeko beste edozein langile bezala, edozertan laguntzeko prest nago».  Bere kirol ibilbideko «erronkarik handiena» zela gaineratu zuen, baina jokalariak eta kluba ezagutzeak lagunduko ziola.

Liga amaitzeko, 11 partida jokatu behar dira oraindik. Athletic 10. postuan dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.