Arrazakeria

Sortuk eta Africa Unitedek arrazakeria eta polizia indarkeria gaitzetsi dituzte Iruñean

George Floyden eta Elhadji Ndiayeren heriotzak salatzeko protesta bat egin dute kalean. Bat egin dute biharko elkarretaratzearekin; Arrotxapea auzoan izango da, Black Lives Matter lelopean.

Floyden heriotza salatzeko, protestariak belauniko jarri dira ukabila altxatuta. BERRIA
Andoni Imaz.
2020ko ekainaren 5a
14:58
Entzun

Sortuko zenbait militantek eta Africa United kulturarteko elkarte antirrazistako kideek protesta ekintza bat egin dute goizean Iruñean, arrazakeria eta polizia bortizkeria salatzeko. AEB Ameriketako Estatu Batuak astindu ditu polizia zuri batek George Floyd afro-amerikarra Minneapolisen (Minnesota) hiltzeraino ito izanak, eta protestariek, haren heriotza gaitzestearekin batera, gogoratu dute Iruñeko Arrotxapea auzoan Elhadji Ndiaye senegaldarra Espainiako Poliziaren esku zegoela hil zela 2016. urtean. «Euskal Herrian ere ez gaude arrazakeria eta polizia indarkeriatik salbu», salatu dute.

Lore eskaintza bat egin ondoren, parte hartzaileak belauniko jarri dira ukabila altxatuta, AEBetan protestarako erabili izan duten keinua eginez. «Milaka lagunek ikusi, sentitu eta pairatzen duten eta beste guztioi gure buruetan horrenbeste ikustea kostatzen zaigun arrazakeria horren aurka borrokatuko gara», adierazi dute antolatzaileek ohar batean.

Africa United, Afrikako Lorea, Euskal Herria 11 Kolore, Iruñea Harrera Hiria, Mugak Zabalduz karabana, Nafarroako SOS Arrazakeria eta Paperak eta Eskubideak Denontzat dira biharko elkarretaratzearen deitzaileak. 12:00etan egingo dute, Marcelo Zelaieta eta Artika kaleen artean, Black Lives Matter lelopean.

Ndiaye hil osteko egunetan, Espainiako Poliziak zabaldutako informazioaren arabera, atxilotua ziegara eramateko zein zegoela konturatu ziren ez zuela arnasarik hartzen. Hura suspertzen saiatu ziren, baina hil egin zen. Autopsia egin zioten gorpuari, eta, polizia iturrien arabera, ez zuten indarkeria zantzurik aurkitu. Iruñeko 5. Instrukzio Auzitegiko epaileak esan zuen «heriotza naturala» izan zela hura, eta auzia artxibatu zuen. Hala ere, zenbait lekukok grabatutako irudiek zalantzak jarri zuten bertsio ofiziala. Lekuko horien arabera, poliziek konorterik gabe utzi zuten Ndiaye kalean bertan, eta egoera horretan eraman zuten atxilo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.