Madrilek telelaneko gastuak eta atsedenaldiak arautu nahi ditu

Sindikatuek eskatu dute enpresek beren gain hartzeko lanarekin loturiko etxeko gastuak. Plataforma digitaleko banatzaileen eskubideak ere arautu nahi ditu.

Emakume bat, etxean lanean. ENRIC FONTCUBERTA (EFE)
jokin sagarzazu
2020ko ekainaren 9a
12:58
Entzun

Espainiako Gobernua telelanerako arau bat prestatzen ari da, honako alderdi hauek jasoko dituena, besteak beste: langileen gastuen konpentsazioa, gutxieneko lanaldiak eta atsedenaldiak, lan denboraren banaketa malgua, eta prebentziorekin loturiko neurriak, hala nola neke fisikoa eta mentala, datuak bistaratzeko pantailen erabilera eta isolamendu arriskuak.

Arau proiektua egin aurreko kontsulta publikorako testuaren arabera, helburua da lan egiteko modu berri hori «orekatzea», borondatezko izaerarekin eta langilea denbora jakin batean bere lanpostura itzultzeko eskubidearekin, eta langileen sustapen eta prestakuntzarako eskubidearekin, eta eskubide kolektiboekin.

Egoera horiek arautzeko eskatu dute sindikatuek, eta, besteak beste, eskatu dute enpresek hileko tarifa finkoa edo babestua ordaintzeko, espazioaren, Interneterako konexioaren, energiaren, berokuntzaren, garbiketaren eta mantentze lanen gastuak estaltzeko, eta beren gain hartzeko, halaber, altzarien, ordenagailuen eta bulegoko horniduren gastuak ere.

Gobernuaren testuak dio telelanaren benetako inpaktua modu esponentzialean areagotu dela COVID-19ren ondorioz, eta horrek agerian utzi dituela haren abantailak eta ahuleziak, bai eta hori arautu beharra ere.

Lan Ministerioak beste arau proposamen bat ere egin du, plataforma digitaletako langileen, batez ere bizikletako banatzaile edo rider-en lan eskubideak ziurtatzeko. Horien artean, testuan aipatzen dira legezko gutxieneko soldata bat ezartzea, zehaztea gehieneko lan denborak eta gutxieneko atsedenaldiak, bermatzea lan-baldintza seguru eta osasungarriak, eta ziurtatzea lan kontratua amaitzearekin lotutako eskubideak, beharrezko kalte ordainen bermeak eta eskubide kolektiboen egikaritza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.