Eibar 2-2 Athletic

Balio gutxiko puntu banaketa

Bana egin dute Eibarrek eta Athleticek, partida kaskar batean. Jose Luis Mendilibarren taldea hobea izan da, baina ez du aprobetxatu.

ainara arratibel gascon
2020ko ekainaren 17a
21:51
Entzun

Golak: 0-1: Raul Garciak (8. min, penaltiz), 1-1: Kike Garciak (17. min). 2-1: Orellanak (75. min, penaltiz). 2-2: Villalibrek (76. min).

 

Hamaika partidako maratoi hau helburu desberdinekin abiatu zuten Eibarrek eta Athleticek. Gipuzkoarrek, jaitsiera postuak aldendu eta mailari eustea; bizkaitarrek, berriz, Europarako sailkatzea. Bada, helburu horiei begira ezer gutxirako balio die Ipuruan jokatutako derbian batutako puntuak. Emaitzak aho zapore txarra utzi dio Eibarri. Izan ere, bigarren zatian hobea izan da, eta partida amaitzeko 15 minuturen faltan 2-1 aurreratzea lortu du Orellanak, penaltiz. Baina hurrengo jokaldian berdinketa lortu du Villalibrek, zelairatu eta berehala ukitutako lehen baloian, eta bina amaitu da partida. Lehiako azken aukeran, gainera, Eibarrek eskura izan du garaipena, baina Quiqueren errematea kanpora joan da, gutxigatik.

Partida hasiera hobea egin du Athleticek, eta berehala sortu du arriskua Dimitrovicen ate aurrean. Lehen aukera argia Yurik izan du, 5. minutuan. Capak erdiraketa ona egin du, eta ezker hegaletik ondo iritsi da Yuri bigarren zutoinera. Errematea egin, baina gelditu ona egin du Dimitrovicek. Zuri-gorriek estutzen segitu dute, eta, ia erreskadan, Muniainek jaurtiketa egin, eta Escalanteren eskuan jo du baloiak. VARean begiratu ostean, Prieto Iglesias epaileak penaltia adierazi du. Raul Garciak ez du huts egin: 0-1 (8. min).

Eibarrek ohikoak ditu hegaletatik egindako jokaldi zuzenak. Horiek gabe, kosta egiten zaio Jose Luis Mendilibarren taldeari aukera sortzea, eta oraingoan ere ez da salbuespena izan. Lehen zatian horri esker sortu ditu aukera apurrak, eta horietako batean ailegatu da gola, 17. minutuan. Orellanak bigarren zutoinera erdiratu du, eta Pedro Leoni iritsi zaio baloia. Hark arean jarri, eta gol arrastoan zegoen Kike Garciak buruz sarera bidali zuen baloia.

17. minutua zen, eta horrek patxada eta konfiantza apur bat eman behar zion Eibarri; Duen puntu beharra kontuan hartuta, horrek funtsezkoa izan beharko luke. Baina ez da horrela izan hurrengo ordu erdian. Urduri antzeman zaio, eta hiru pase erreskadan lotu ezinik. Athletici, berriz, tentsioa falta izan zaio. Kaskar joan da, beraz, neurketa. Atsedenaldi atariko minutuetan baino ez dira gauzak aldatu zertxobait. Eibarrek apur bat gehiago estutu du, eta hainbat korner eta erdiraketaren bidez Unai Simonen atera gerturatu da. Baina ez du asmatu.  

Bigarren zatia aurrenekoa amaitu antzera hasi da: Eibar estutzen hasi da, eta jokaldi horietako batean Yeraik besotik heldu zion Enrichi. Epaileak ez du penaltia adierazi, eta Jose Luis Mendilibarrek protesta egin du; Prieto Iglesiasek, laugarren epailearen aginduz, txartel gorria atera dio Mendilibarri. Baina Eibarrek berdin jokatzen segitu du, eta Orellanaren eta Pedro Leonen bideaz erasoko jokaldiak sortuz hegaletatik, eta bigarren jokaldiak baliatuz.

Athletic apenas agertu den bigarren zatiko lehen minutuetan. Deseroso aritu da, eta ez du jokorik sortu. Zelai erdiko jokalariei ez zaie baloirik ailegatu. Eibarrek atzean erabat sartua izan du Athletic, eta aprobetxatu beharra zuen txanpa ona. Zuri-gorriek 23 minutu behar izan dituzte, bigarren zatian Dimitrovicen atera gerturatzeko. Bigarren zatian zelairatu da Williams, eta harena izan zen abagunea. Baina baloiak Arbillan jo, eta konerrera joan da.

Hurrengo jokaldian, Dani Garciak Escalanteri bultzakada inozoa eman zion, eta, VARean ikusi ostean, penaltia adierazi zuen epaileak. Orellanak sasoiko zortzigarren gola egin du, baloia erdi-erdira jaurtiz. Hamabost minutu baino ez ziren falta, eta Eibarrek eskura zituen hiru puntuak. Horri esker, arnasa apur bat har zezakeen. Baina segidan iritsi da Villalibreren gola, eta Quiqueren azken aukera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.