Osasuna 0-5 Atletico Madril

Osasuna pattal aritu da, eta jipoitu egin du Atletico Madrilek

Ordu erdia betetzerako, atzetik izan da Osasuna, eta zigor handia jaso du azkenerako. Joao Felixek sartu ditu Atletico Madrilen estreinako bi golak; Llorentek, Moratak eta Carrascok bete dute espainiarren zakua.

Ruben Martinez Osasunako atezaina, burumakur, Atletico Madrileko jokalariak gol bat ospatzen ari direla. JESUS DIGES / EFE
Jon Ander De la Hoz.
2020ko ekainaren 17a
23:56
Entzun

Adorea da Osasunaren ezaugarri nagusietako bat, eta, halakorik erakusten ez duenean, nekez garaitu ohi du. Horixe gertatu zaio Atletico Madrilen aurka jokatu duen partidan. Espainiarrek laster eraitsi dute iruindarren horma, eta etxekoek baino partida serioago bat jokatuta hiru puntu lortu baititu Sadarren. Bisitariak aise aritu dira Iruñean, batez ere, lehen gola sartu ondotik. Amaieran, 0-5 nagusitu dira Diego Pablo Simeoneren jokalariak.

Bi taldeek lehiarako prest ekin diote neurketari, baina une oro Atletico Madrilek parte hartze handiagoa izan du jokoan. Are ageriagoan geratu da hori lehen ordu erdia bete denean, orduantxe aurreratu baitira espainiarrak. Zelai erdian antolatutako jokaldi batean, Herrerak ezker hegalera jokatu du, Lodirekin. Hark hondoko marraraino egin du baloiarekin, eta ondoren egindako erdiraketa trakets errematatu du Saul Ñiguezek. Latok urrundu arren, Joao Felixi iritsi zaio baloia, ordea, eta haren zartakoa sareetara joan da zuzenean. Partida maldan gora jarri zaio Osasunari 27. minutuan.

Hurrengo minutuetan eta atsedenaldira bitartean suspertzera egin du Osasunak, eta Atletico Madrilen arearen inguruan aritu da. Halere, ez du gola sartzeko aukera argirik sortu, eta markagailuan gol baten desabantaila zuela joan da atsedenaldira. Itzuleran, egoerak ez du hobetzera egin gorritxoentzat; lehen minutuetan aurrerako urrats bat egin badu ere, erasoan eraginkortasunik gabe aritu da. Garesti ordaindu du hori.

Bigarren zatiko hamargarren minutuan, partida amaitu egin da Osasunarentzat. Jagoba Arrasateren taldea berdinketaren bila ari zenean, kontraerasora egin du Atletico Madrilek, eta Correak zelai erdian hasitako jokaldi batean 0-2koa egitea lortu dute (55. min). Aridane Hernandezek jokoz kanpokoa hausten zuela aprobetxatuz Diego Costarekin jokatu du Correak, eta brasildarrak arearaino eraman du baloia inoren oztoporik gabe. Han bakarrik ikusi du Joao Felix, eta portugaldarrak, nahieran errematatu, eta bigarren gola sartu du

Atletico Madrilen bigarrena zama astunegia izan da etxekoentzat. Bi golen aldea aurka izateak are gehiago bakandu du gorrien erasoko jarduna. Adrian Lopezek izan du haietako bat, 64. minutuan. Enric Gallegok ezker hegaletik egindako jokaldiaren ostean, Lopezi iritsi zaio baloia, baina haren saialdia hutsala izan da.  

Behin etsita, gehiago

Osasuna bai, baina Atletico Madril ez zegoen barkatzeko. Garaipen gosez heldu da Sadarrera, 2020. urtean etxetik kanpora lortuko lukeen lehen garaipenaren bila, eta azkenera arte zukutu ditu bere aukerak. Halaxe sartu du hirugarrena ere. Minutu batzuk lehenago zelairatu da Marcos Llorente, eta gorritxoen arean galdutako baloi bat harrapatu du, Osasunako hiru jokalariren tentsio falta baliatuz, eta arazorik gabe sartu du gola. 78. minutua zen.

Behin etxekoak etsita, odola egitera joan da Atletico Madril. Beste bi gol sartu ditu hurrengo minutuetan. Alvaro Moratak sartu du 0-4koa. Bigarrenean bezalaxe, Osasunako atzelariak lerroa aurreratu ezinda geratu dira, eta azti ibili da, Morata jokoz kanpokoan erori gabe atzelariengandik aldendu eta atezainaren aurrean bakarrik geratuta. Jaurtiketa on batekin lortu du aldeak handitzea, 83. minutuan.

Azken kolpea bost minutu geroago jaso dute nafarrek. Nekeak erasanda eta dagoeneko jipoia jasota, Atletico Madrilek beste gol bat sartzeko aukera izan du (0-5). Carrasco izan da golegilea; Llorentek bakarrik utzi du belgikarra atearen aurrean, eta aise lortu du bosgarrena.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.