Bizkaiko golkoan inoizko antxoa populazio handiena erregistratu dute

AZTIk kalkulatu du 330.000 tona antxoa daudela. Arrantzaleek, ordea, iazkoaren erdia arrantzatu dute, eta prezioa ere merkeagoa izan da, besteak beste, antxoa txikia delako.

Arrantzale bat Getarian (Gipuzkoa), apirilaren 20an, antxoaren kanpaina hasi zutenean. JON URBE / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko ekainaren 29a
13:30
Entzun

Bizkaiko golkoan ez dute sekula erregistratu aurten adina antxoa. 2020ko kanpaina ez da ona izan arrantzaleentzat, baina datozen urteetarako itxaropena pizteko moduko datua da gaur AZTI zentro teknologikoak emandakoa: 330.000 tona antxoa inguru daude, 1987. urtean Bioman ikerketa egiten hasi zenetik kalkulatu duen kopuru handiena. Beraz, aise gainditzen dira espeziearen iraunkortasuna bermatzeko gutxieneko 21.000 tonak.

Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziek, ordea, 4.600 tona soilik harrapatu dituzte, joan den urtean baino 3.900 gutxiago. Merke saldu dute, gainera: 1,38 euroan kiloa —iaz, 1,62 euroan—.

Hainbat faktoreren ondorio da hori. Batetik, normalean baino hilabete gutxiago iraun du kanpainak, COVID-19a dela-eta arrantzan beranduago hasi zirelako, eta, prezio apalen ondorioz, ontzi askok antxoa utzi eta hegaluzea arrantzatzeari ekin diotelako, goiz agertu denez gero.

Bestetik, Euskal Herriko arrantzaleek harrapatu duten antxoa txikia izan da, eta ez da aurtengo kontua: datuek diotenez, gero eta txikiagoa da Bizkaiko golkoko antxoa.

Horrek eragina du prezioan. Antxoa espezie garrantzitsua da arrantzaleentzat, haien diru sarreren %30-40 etor daitezkeelako espezie horretatik; hala azaldu dute gaur Bittor Oroz-ek, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak, eta Rogelio Pozok, AZTIko zuzendari nagusiak.

Orozek esan du «historikoak» direla Bioman ikerketaren emaitzak, «oso onak», baina kezka adierazi du tamaina dela eta. Izan ere, antxoa txikia freskoan saldu ohi da, baina kontserbekin lan egiten duten enpresek tamaina handikoa behar izaten dute; horregatik nahiko lukete «handiagoa izatea». Kiloko 30-32-35 aleko tamainako antxoa da arrantzaleek kontserba enpresei saltzen dietena, eta aurten arrantzatutakoa kiloko 48-50 alekoa izan da.

Kuotaren banaketa

Datozen urteetako garapenaren arabera, erabakiak hartu beharko direla esan du sailburuordeak, eta ontzi bakoitzari kuota bat ezartzea proposatu: «Ontzi bakoitzak baldin badaki zenbat kilo harrapa ditzakeen, joan daiteke beste neurri bateko antxoaren bila».

Aurten nahiko gertu aurkitu dute antxoa arrantzaleek, eta harrapatu ere azkar egin dute. Orozek azaldu duenez, flotaren artean kuotak banatu gabe, denek ahalik eta azkarrena eramaten dute arraina portura, «zuk egiten ez baduzu beste batek egingo duelako»: «Ontzi bakoitzak kilo kopuru bat izango balu, autogestionatu egingo luke, eta erabaki antxoa handiagoaren bila joan edo txikiarekin konformatu».

Neurri politiko hori hartu beharraz jardun du, berdelarekin, txitxarroarekin eta atungorriarekin egin zen bezala; Espainiako Gobernuak du horretarako eskumena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.