ZALDIBARKO ZABORTEGIA

"Egia zor digute, informazioa"

Zaldibar Argitu-k deituta manifestazioa egin dute Eibarren, eta erantzukizunak eskatu dituzte

Manifestazioaren hasiera, gaur, Eibarren. IGOR SUSAETA
Igor Susaeta.
2020ko uztailaren 4a
21:06
Entzun

Eibarko (Gipuzkoa) Untzaga plazatik abiatuta, Zaldibar Argitu herri plataformak deitutako manifestaziora bildutakoek isilik egin dituzte lehen metroak, pauso lasaiean. Mobilizazioaren buruan, bi pertsona Joaquin Beltranen silueta irudikatzen duen kartelari eutsiz, eta beste pertsona bat, gauza bera egiten, Alberto Sololuze ordezkatzen duen kartelarekin. Apur bat atzerago zihoazen Verter Recycling 2002 SM enpresaren Zaldibarko zabortegian gertatutako luiziaren ondorioz desagerturiko bi beharginen senideak. Isilik.

Etzi beteko dira bost hilabete zabortegia amildu zenetik, eta plataformak erantzukizunak eskatzeko baliatu du gaurko mobilizazioa. «Oraindik ez dituzte mahai gainean jarri», salatu du Jokin Bergara bozeramaileak, manifestazioa abiatu aurretik. Iruditzen zaio «eskandalu publiko bat» dela bai gertatu zena, baita Eusko Jaurlaritzak auzia nola kudeatu duen ere, eta, hortaz, «higiene demokratiko hutsagatik», dimisioak egon behar direla nabarmendu du, eta bi izen aipatu ditu: Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakaria, eta Iñaki Arriola Jaurlaritzako Ingurumen sailburua. Eta, hain zuzen, «Arriola dimititu!» izan da isiltasuna hautsi zuen oihuetako bat, baita gero errepikatuenetakoa izan denetako bat ere. Ingurumen Sailak auzian izandako jokabidea «tatxarik gabea» izan dela esan zuen Arriola eibartarrak maitzaren 6an.

Asfaltoaren gainean oinez ibiltzeko ez beste edozertarako eguraldia zegoen arratsaldean, baina LAB, ELA eta CCOO sindikatuek babestutako mobilizazio nazionalak jende dezente erakarri du Eibarrera. Manifestazioan parte hartu dutenen artean zeuden, besteak beste, Rebeka Ubera EH Bildurekin azkeneko legegintzaldian legebiltzarkidea izandakoa, eta Juan Karlos Izagirre koalizio independentistaren Gipuzkoako batzarkidea.

Manifestazioa bukatu eta Zaloa Urain, Maite Arroitajauregi eta Miren Narbaiza musikari eibartarrek aldarrikapenerako propio sortutako kantu bat interpretatu aurretik, plataformakoek hitza hartu dute, eta, hasteko, Beltran eta Sololuze izan dituzte gogoan. Amiltzea gertatu zenetik Jaurlaritzak izandako jarrerarekin kritiko agertu dira: «Egia zor digute, informazioa. Herritarron galdera eta aldarrikapenek erantzunak merezi dituzte». Idoia zaldibartarrak otsailaren 6az geroztik egindako mobilizazioetan parte hartu ohi du, eta, hain justu, orduz geroztik «zalantza berdinak» dituztela nabarmendu du. «Jaurlaritzak ez du erantzukizuna hartu eta pilota enpresari pasatu nahi dio». Ezin du, ulertu, gainera, PSE-EEk Arriola uztailaren 12ko hauteskundeetarako zerrendetan aurkeztea. «Arduragabekeria bat da».

Enpresa aipatuta, Andoni eta Jose Luis eibartarrei «ulertezina» iruditzen zaie zabortegiaren azpiko aldean zakarrak zigilatzeko Verterrek proposatutako biltegiari jarraipena emateko baimena ematea Jaurlaritzak. «Esaten dute [langileen] bila dabiltzala, eta aprobetxatu dute zabor gehiago sartzeko. Haien interesak defendatzen ditu Jaurlaritzak».

Horregatik, «sare klientelarrez eta laguntxoez osatutako negozioak» bukatzeko exijitu du plataformak. «Hondakinen kudeaketa ezin da saldu. Zabortegien zaintza eta kontrola kudeaketa publikoaren esku uzteko eskatzen dugu».

EBra jotzea, "kuriosoa"

Bergara plataformaren bozeramailearen esanetan, erakundeek «bizkarra» eman diete azkeneko hilabeeotan. Bide batez, «azpimarratu» nahi izan du Jaurlaritzak «Bruselara», EB Europako Batasunera, jo duela «babes» bila. «Kuriosoa da... Kristoren kontraesana». Izan ere, aintzat hartu behar da Europako Batzordeak iragarri zuela, maiatzaren 13an, «kasuaren larritasuna ikusita», amiltzea aztertzea. Egun batzuk geroago Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramaileak adierazi zuen «lankidetza eskaintza irmoa eta argia» egin ziotela EBri.

Maddi legorretarrak laburbildu du Eibarren bildutakoen sentipena. «Senideekin duten jarrera oso mingarria da; eta dena nola kudeatu duten, penagarria».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.