Euskal presoak

Frederic Haranburu preso atxikitzea eskatu du fiskaltzak

Gaur aztertu dute euskal presoak baldintzapean aske geratzeko eginiko hirugarren eskaera. Heldu den uztailaren 24an emanen dute haren inguruko erabakia.

Frederic Haranburu, Jakes Esnal eta Ion eta Unai Parot askatzeko 2019 udaberrian Baionan egin zuten mobilizazio bat. GUIILAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko uztailaren 9a
16:37
Entzun

Frederic Haranburu Xistor euskal presoak baldintzapean aske geratzeko eginiko eskaera aztertu du gaur arratsaldean Parisko Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak. Haranburuk orain arte egin duen hirugarren eskaera da. Terrorismoaren kontrako fiskaltzak euskal presoa askatzearen kontrako iritzia eman du, beste behin. Heldu den uztailaren 24an ebatziko du epaileak.

Maritxu Paulus Basurko abokatuaren hitzetan, «orain arteko argumentuak» erabili ditu fiskaltzak, «sorpresarik gabe». Haranbururi egozten dizkioten gertakarien larritasuna azpimarratu du, eta adierazi du «ezin dela baztertu» euskal presoak gisa bereko ekintzak berriz egitea. Halaber, hura askatzeak ordena publikoan eragin lezakeen traba ere nabarmendu du. «Guk erakutsi dugu ez zela hala», adierazi du Paulus Basurcok.

Terrorismoaren aurkako fiskaltzaren jarrera gaitzetsi du euskal presoaren abokatuak. «Iritzi guziak Haranburu askatzearen aldekoak ziren; espero izaten ahal genuen prokuradorearen jarrera aldatuko zela». Hain zuzen ere, Lannemezango (Biarnoa) presondegiko zuzendaritza eta gizarteratze zerbitzuak aldeko iritzia emana zuten, baina baita Tarbeseko zigorrak ezartzeko epaileak eta Baionako prokuradoreak ere —orain arte kontrako iritzia agertu izan du—. «Iritzi biziki motibatuak ziren, espero genuen kontuan hartuko zuela», adierazi du Paulus Basurcok.

Terrorismoaren aurkako fiskaltza

Azken hilabeteetan behin baino gehiagotan salatu dute Frantziako terrorismoaren aurkako fiskaltzaren jarrera Euskal Herriko gatazkaren konponbidearen alde lanean ari diren eragileek. Frantziako Justizia Ministerioarekin elkarrizketak eraman dituen Ipar Euskal Herriko ordezkaritzaren hitzetan, «onartezina» da fiskaltzaren jarrera, eta salatu du «bake prozesua oso arriskuan» jartzen duela. Frantziako Justizia Ministerioak entzungor egiten diela kontsideratuta, «estrategia berria» abiatuko dutela iragarri zuten ekain bukaeran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.