Europako Batasuna

Negoziazioen laugarren egunari helduko diote estatu kideek, bilera historikoa dela jakitun

  Xuhurren Taldeak zuzeneko laguntza gutxiago nahi ditu, eta haien kontrol handiagoa. Atzo iluntzean, negoziazioak porrot egiteko zorian izan ziren, hegoaldeko herrialdeek gehiegizkotzat jo zutelako transferentzien murrizketa: 350.000 milioi eskani zituzten austeritatearen aldekoek.

Atzoko bilera txiki bat EBko kideen ordezkarien artean. FRANCOIS WALSCHAERTS / POOL
xabier martin
2020ko uztailaren 20a
10:55
Entzun

Nizan 2000. urtean izandako goi bilera alde batera utzita, Europako Batasunaren historiako goi bilerarik luzeena izateko bidean da pandemiaren ondorio ekonomikoei aurre egiteko suspertze plana adostekoa. Europar Kontseiluko presidente Chales Michelek 750.000 milioi euroko planarekin abiatu zuen estatu eta gobernu buruen bilkura joan den ostiralean, Bruselan, baina suspertze planaren funts hori zoko batean bezala ari dira negoziatzen EBko kideak, Frugal Four tadekoak (Herbehereak, Austria, Danimarka eta Suedia) oso gogor ari direlako defendatzen pandemiak gehien jotakoentzat liratekeen laguntza zuzenekoen kopuruak apalagoa behar duela. Atzoko jardunean, 400.000 milioi eurora apaltzea eskani zitzaien, alegia, jatorrizko planak jasotzen zituen 500.000 milioi horiek baino 100.000 milioi gutxiago. Baina kopuru hori ere gehiegitzat jo zuten, eta, gainera, ez zioten muzin egin transferentzia horien kontrol mekanismo bat eratzeari.

Izan ere, diru laguntzak erreforma jakin batzuekin lotu nahi ditu Xuhurren Taldeak, eta hari batu zaio Finlandia ere, modu argiagoan. Hagak lan merkatuari eta pentsio sistemari erreparatu zien, herrialde eskatzaileen lan merkatu eta pentsio sistemei, alegia. "Larrialdiko galga" esan dioten mekanismora jotzeko atea zabaldu dute estatu kideek, eta, haren arabera, edozein herrialdek eskatu ahal izango luke goi bilera bat beste kide batek eskatutako laguntza zehatzak aztertzeko. Horrek transferentziak atzeratuko lituzke. Madril prest agertu da mekanismo hori onartzeko, baina betiere laguntzak aztertzeko goi bilera horietan aho bateko erabaki bat hartu behar ez bada; alegia, beto eskubidea gailentzen ez bada.

390.000 milioi euroren laguntzak

Laguntzen baldintzaren oztopoa ildo horretako mekanismo batekin gainditu daitekeela ematen du, baina xuhurrek funtsaren kopuruan jarri dute berriro presio guztia. 350.000 milioi euroren transferentziak eskani zituen Finlandiak mahairatutako planak; beste hainbeste lukete itzuli beharreko maileguen lerroek: guztira, 700.000 milioi euroko suspertze plan bat.

Hegoaldeko herrialdeek ez zuten horrelako murrizketarik onartu. Europa muturreko egoeran dagoela gogoratu zuten, baita Alemania bera ere, eta hainbat kidek goi bilera porrot batera eraman nahi izana egotzi zieten Xuhurren Taldeko kideei, kopuru horren eraginkortasunik eza nabarmenduta. Goi bilera une horretan amaitzeko zorian izan zen, baina gaur, laugarren jardunaldiari helduko diote azkenean, eta Austriako lehen ministro Sebastian Kurzek esan du 390.000 milioiren transferentziak adosteko bidean daudela, "asko murriztu" dela kopurua eta konforme liratekeela horrekin.

EBko estatu kideen ordezkariek 05:45ean amaitu zuten bilera, eta gaur 16:00etan berrekingo diote negoziazioari. Frugal Four delako taldeko herrialdeek deskontu handiak lortu dituzte jada 2021-2027 aldirako aurrekontuaren ekarpenetan. Herrialde aberatsek aurrekontuari egiten dioten ekarpena doitzeko baliatzen dituzten txekeak eman dizkiete, eta txeke horiek handitu egin dira; nolabaiteko kenkariak dira, eta Hegoaldeko kideek sarritan gogorarazi zioten Herbeheretako lehen ministro liberal Mark Ruttek gidatzen duen taldeari abantaila handia lortu dutela dagoeneko aurrekontuen ekarpenean.

20.000 milioi euro xuhurren txekeetan

1,074 bilioi euroko kopurua jasotzen du zazpi urteko aldirako Michelen planak; hasieran 1,1 bilioi jaso zituen, baina murrizketa hori aberatsen alde egin dute. Herbehereek, Austriak, Suediak eta Danimarkak, denen artean, 20.000 milioi euroko deskontuak izango lituzkete txeke horiei esker, eta hegoaldeko herrialdeek oso ondo kalkulatu behar dute zenbat galtzen duten aurrekontuaren atalean (nekazaritzari zuzendutako funtsa izan daiteke gehien murriztutakoa), erabakitzeko suspertze plana zenbateraino apaltzea den onargarria. Ematen du 390.000 milioi euroko laguntza zuzena jasotzen duen negobox batekin hasiko direla gaurko negoziazioak.

Goi bilera gaur arte luzatu izanak bi teoria indartzen ditu: lehena da akordioa nahi dutela denek, eta itun bat egongo dela, muturreko egoera erantzunik gabe geldi ez dadin
eta Europako Batasuna bera ez atzera ez aurrera geldi ez dadin une historiko honetan. Bigarrena da hainbat herrialde porrotaren narratiba eraikitzeko argumentuen bila dabiltzala. Gauerdia baino lehen espero da jakitea bi teoria horien artean zein den zuzena.
.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.