Sendagileak maskara salbuespenak sinatzera behartzeko «kanpaina» bat dagoela salatu dute

Bizkaiko Medikuen Elkargoak adierazi duenez, «osasun sistemak gainezka» egitea dute helburu, erreklamazio asko aldi berean aurkeztuta.

Herritarrak maskararekin pasieran, Donostian. JON URBE / FOKU
Edu Lartzanguren.
2020ko uztailaren 27a
17:44
Entzun

Bizkaiko Medikuen Elkargoak gaur plazaratu du salaketa, eta gertaeren berri eman die bere partaideei, Nekane Murga Osasun sailburuari eta Osakidetzako zuzendari nagusi Juan Luis Diegori. Elkargoak salatu duenez, azken egunotan hainbat sendagilek erreklamazioak jaso dituzte, hainbat herritarri maskara ez eramateko baimen bereziak ez emateagatik. «Badirudi kanpaina bat dela», adierazi du elkargoak, eta  helburua «osasun sistemari gainezka eginaraztea» litzateke. Azken batean, osasun langileak salbuespenak sinatzera behartu nahi dituzte kanpainaren bultzatzaileek, gaineratu dutenez.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusikoen eta Adin Txikikoen fiskaltzei eman diete gertaeren berri.

Salatu dutenez, formulario bat dabil sare sozialetan, eta salatzaileak bere datuak sartu besterik ez du egin behar erreklamazioa egiteko. Formularioan aurretik idatzitako testu estandar baten bidez, sinatzaileak argudiatzen du sendagileari eskatu diola maskara eraman behar ez izateko txostena egin dezala, eta profesionalak uko egin diola egiteari. Testuan, orduan, «diziplina erreklamazioa» aurkezten dela adierazten da, eta sendagileari «zigor auzia zabaltzeko» eskatzen da.

Whatsappeko audioa

Formularioaz gain, elkargoak salatu du mezu bat dabilela Whatsapp sare sozialean, Maskararen derrigortasuna saihesteko urratsak izenburukoa. Horretan, herritarrei dei egiten zaie euren sendagileari eska diezaieten maskara eramateko betebeharraz salbuesteko agiria. Elkargoak azaldu duenez, mezuan zehazten dute herritarrak sendagileari esan behar diola maskararengatik arnasa hartzeko zailtasunak dituela, zorabioak, edo bere lana ondo egiteko arazoak. Mezuaren egileek ohartarazten dute sendagile gehienek ezetz erantzungo diotela eskaerari.

Orduan, aholkatzen dute medikuari ohartarazteko kexa bat aurkeztuko dutela, osasun profesionalak agiria egiteari uko egin diolako. Ondoren, kexaren bi kopia eskatu behar dira, eta horietako bat mezuan izen-abizenez aipatzen den abokatu bati bidali behar zaio, «salaketa masiboa» egin ahal izateko. «Sistemari gainezka eginarazteko» eskatzen du mezuak. «Ikus dezatela mugimendua dagoela eta jendea ez dagoela ados».

Elkargoak esan duenez, mezuak argi erakutsiko luke «ongi baino hobeto antolaturiko kanpaina bat» dela. Gaineratu dutenez, «osasun publikoaren aurkako erasoa» litzateke osasun sistemari gainezka eginaraztea eta maskarak ez erabiltzera bultzatzea.

Bazkideei gogoratu die txostenak egiteko betebeharra eduki badutela, baina bakarrik euren eskuetan dagoela erabakitzea zer den onena artaturiko pertsona bakoitzarentzat. Erreklamazioa jaso duten medikuei eskatu die elkargoarekin harremanetan jartzeko, «behar diren defentsa mekanismoak» martxan jartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.