Tapia: «Lan eremuan ez da agerraldirik izaten ari»

Jaurlaritzako sailburuak esan du «euskal gizarteak udazkenean izango duen erronka handiena» dela oreka aurkitzea osasuna babestearen eta jarduera ekonomikoarekin jarraitzearen artean. Aitortu du ez dakiela Urkulluren gobernu berriko kide izango den ala ez.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako sailburua, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko abuztuaren 4a
12:49
Entzun

«Hasieratik erabaki genuen agerraldiak izan diren guneak eta haien inguruak kontrolatu behar genituela; horretan jarraitu behar dugu, izan aisialdi, garraio edo lan eremuak, non, gainera, ez den agerraldirik izaten ari». Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegituretarako sailburuak hala defendatu du gaur langileak beharrera itzultzeko hartu zuten erabakia, Onda Vasca irratian.

Tapiaren iritziz, frogatuta dago osasuna babestearen eta jarduera ekonomikoarekin jarraitzearen arteko oreka aurkitu behar dela, nahiz eta horrek «esfortzu ikaragarria» eskatzen dien osasun langileei: «Euskal gizarteak udazkenean izango duen erronka handiena da bi aldagai horien arteko oreka aurkitzea».

Bere etorkizunaz galdetuta, aitortu du ez dakiela osatzeko dagoen Eusko Jaurlaritza berriko kide izango den ala ez, eta Iñigo Urkullu lehendakarigaiak aukeratu beharko duela nor izan nahi duen alboan.

Ezinbestean, azken asteetan hainbat enpresak iragarri dituzten kaleratzeen inguruan ere galdetu diote sailburuari —Tubacexek, ITP Aerok eta Aernnovak, besteak beste—. Adierazi du Jaurlaritzak dena emango duela konponbideak aurkitzeko, eta halako arazoei aurre egiteko beharrezkoa dela hiru aldeen arteko elkarlana: enpresena, langileena eta erakundeena.

Konponbide izan litezkeen batzuk proposatu ditu Tapiak. Batetik, ordu poltsak sor daitezkeela esan du, eta, bestetik, azken asteetan gehien babesten ari den aukera aipatu du, langileei soldatak murriztearena: «Egoera problematikoa delako egin daiteke hori, enpresak une zail honetatik irteteko eta, berriz ere irabaziak dituztenean, soldatak berreskuratzeko».

«Gerrikoa estutzea tokatzen da»

Sailburuaren iritziz, «gerrikoa estutzea tokatzen da orain», baina langileek orain egingo duten esfortzuaren adinakoa izan behar du ordainak enpresetara emaitza onak itzultzen direnean.

Sektore guztiak, gainera, ez daude egoera txarrean. Tapiak hizpide izan ditu energia berriztagarriena, sare inteligenteena eta «albiste onak iragar ditzaketen beste batzuk»; haietan inbertitzen jarraitu behar dela azpimarratu du, «punta-puntan egoteko eta beharrezko azpiegiturak izaten jarraitzeko», besteak beste, garraioan eta 5G teknologian. Enpresa eredu parte hartzaileagoen alde ere hitz egin du, malguagoak eta denen parte hartzea bultzatuko dutenak.

Azkenik, autogintza izan du hizpide, uztailean autoen salmenta %34 handitu baita Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Hori Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak martxan dituzten Renove planen ondorio zuzena da, sailburuaren ustez, eta gehitu du sektorea apirilean baino lasaixeago dagoela orain, nahiz eta kezkatuta jarraitzen duen.

Planaren beste helburua da CO2 isuriak murriztea, eta, alde horretatik, neutraltasun teknologikoa defendatu du: «Ibilgailu mota guztiak sustatu behar dira».

Laudioko eta Amurrioko alkateekin

Tapiak bilera bat egin du Ander Añibarrorekin eta Josune Irabienekin, Laudioko eta Amurrioko alkateekin. Aiarako eskualdearen egoera sozioekonomikoa aztertzea zen helburua, langabeziak Euskal Herrian gogorren jo dituen eremuetako bat baita —besteak beste, han daude Tubacexen lantegi nagusiak—.

Alkateek kezka azaldu diote sailburuari, eta ekintza batzuk adostu dituzte. Lehenik, eskualdeko enpresa nagusiekin bilduko dira haien informazio zehatza eskuratzeko, eta, hala, krisiaren eraginak arintzeko ezarri beharreko neurriak zehaztu ahal izateko.

Horrez gain, erabaki dute berriz ere abiatzea Eusko Legebiltzarrean eratutako Aiaraldeko Sozioekonomia Lantaldea, Jaurlaritzak eta udalek hartzen dituzten erabakiak koordinatzeko eta eztabaidatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.