Lan gatazka

Nafarroako Gobernuak bi milioi euro itzultzeko eskatuko dio Siemens Gamesari

Maria Txibitek uste du deslokalizazio bat dela Agoizko (Nafarroa) lantegiaren itxiera, eta hala egiten badu enpresak ez dituela betetzen diru laguntzak jasotzeko baldintzak.

Maria Txibite, gauko agerraldian. VILLAR LOPEZ / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko abuztuaren 7a
16:52
Entzun

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak gogor gaitzetsi du gaur Siemens Gamesaren jokabidea: «Agoizko lantegia ixtea deslokalizazio bat da, argi eta garbi». Horregatik, Nafarroako Gobernuak enpresaren aurkako neurriak har ditzakeela iragarri du.

11 urte soilik ditu Siemens Gamesaren Agoizko (Nafarroa) plantak. Nafarroako Gobernuak esku hartu zuen lantegia bertan kokatzeko, eta ordutik igarotako urteetan hainbat laguntza publiko jaso ditu konpainiak. Txibiteren arabera, ordea, lantegia ixten badute, laguntza horiek jasotzeko baldintzak betetzeari utziko dio Siemens Gamesak, eta horregatik eskatuko dio jasotako laguntzetatik bi milioi euro itzultzeko.

Langile batzordeak eta Siemens Gamesak bilera izan dute gaur, eta bilduta daude oraindik. Langileek Nafarroako Gobernua kritikatu dute azken egunetan, nahiz eta aitortu duten konponbide zaila duela gatazkak. Asteazkenean bildu ziren bi eragileetako ordezkariak, eta, amaitutakoan, gobernuarekin dezepzionatuta zeudela esan zuten langileek: «Egin duen ekintza batek berak ere ez du funtzionatu, eta, oraindik, ez digu enplegua mantentzeko aukerarik proposatu». Hori dela eta, gobernuak ezintasuna erakutsi duela azpimarratu zuten, are gehiago jakinda enpresa ixteak larriagotu egin dezakeela eskualdea jendez hustearen arazoa.

Txibitek, ordea, adierazi du hasieratik babestu duela langile batzordea: «Dena den, badakit egoera oso zaila bizitzen ari direla, duela hiru hilabete dena ondo baitzioan». Gainera, gaitzetsi egin du Siemens Gamesaren jokabidea, «langileekin ez delako zintzoa izan eta ez dielako eman egoeraren berri».

Konpromisoa eskualdearekin

Akordio bat egin ez izanaren erantzukizuna enpresari egotzi dio, «ez duelako negoziatu nahi izan». Txibitek esan du elkarlanean jardun dela langile batzordearekin eta Espainiako Gobernuarekin, eta hainbat konponbide jarri dizkiola mahai gainean Siemens Gamesari egoera bideratzeko: «Gure esku zegoen guztia egin dugu, eta ez gaitu langileen enpleguak soilik kezkatu, baita itxierak Agoitz inguruan izango duen eraginak ere».

Horri lotuta, bertako alkatearekin ere hitz egin duela aipatu du Txibitek, eta datozen urteetan eskualde horren eta Nafarroa osoaren garapena eta lurralde oreka mantentzeko planen berri eman diola.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.