ZIENTZIA

Erabiltzen ez diren pneumatikoetatik erregaia lor daitekeela ondorioztatu dute

EHUko Ingeniaritza Kimikoko ikertzaileek egin dute ikerketa. Erabiltzen ez diren preumatikoetatik lortzen diren konposatuak aztertu dituzte, erregai edo lehengai gisa erabiltzeko.

pneumatikoak zabortegian, artxboko irudi batean. JORGE NúñEZ / EFE
Oihane Puertas Ramirez.
2020ko abuztuaren 17a
13:07
Entzun

Renewable and Sustainable Energy Review aldizkariak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ingeniaritza Kimikoko Saileko ikertzaileek egindako ikerketa bat argitaratu du. Txostenaren helburua da aztertzea zein diren pirolisi katalitikoa prozesuan lortzen diren produktuak eta zer aplikazio izan ditzaketen erregai gisa.

Miriam Arabiourrutia Gallastegi EHUko PROCAT-VARES (Prozesu katalitikoak - Hondakinen balorizazioa) taldeko irakasleak azaldu duenez, pirolisia da oxigenorik gabeko ingurune batean gurpilaren kautxua beroaren bidez degradatzea. Horrez gain, azpimarratu du beren prozesuan «spouted bed konikoa delako erreaktorea» erabili dutela, eta «pirolisi katalitikoak oso baldintza espezifikoak» dituela: «Erreaktorean sortzen diren gasen iraupena laburra da, eta horrek erreakzio batzuk eragiten ditu, adibidez, frakzio likidoaren errendimendu handia lortzeko».

Pirolisi katalitikoaren bidez pneumatiko erabiliak balorizatzeak dituen abantaila nagusiak aztertu ditu ikerketa taldeak, izan ere, pneumatiko erabiliak biltegiratzeak ingurunean kalteak eragin ditzake, eta, Unibertsitatearen arabera, pneumatikoek berriro ere balioa hartzea herrialde garatuetan interes handia pizten ari den gaia da. Arabiourrutiak azaldu duenez, «pirolisi bidez pneumatiko hondakinak balorizatzeko interes nagusia lortutako produktuen potentzialean oinarritzen da: gasa, likidoa eta solido bat, char deritzona. Horien guztien errendimendua eta osaera pirolisiaren baldintzen araberakoak dira».

Irakaslearen arabera, lortzen den likidoa da prozesuan eskuratzen den produktu nagusia: «Likido hori da, funtsean, interesik handiena duena, erregai gisa erabil daitekeelako, adibidez, findegi batean sartuz gero». Pirolisi gasei dagokienez, «energia lortzeko erregai gisa ere erabil daitezke». Char, aldiz, «degradatu gabe geratzen den solidoa da, eta funtsean pneumatikoak duen ikatz beltzez osatuta dago; ikatz beltza da pneumatikoari urraduraren aurkako propietateak ematen dizkion konposatua. Ikatz aktibo gisa erabiltzeko char hori aktiba daitekeen aztertzen ari dira —beharbada, ikatz beltz gisa berrerabil liteke pneumatikoaren fabrikazioan—».

Arabiourrutiak adierazi duenez, egindako lanei esker, pirolisi prozesua aldatuz eta hobetuz doaz, «konposizio egokiagoa duten produktuen banaketa lortzen saiatzeko eta, hala, erregai edo lehengai gisa erabili daitezkeen konposatu interesgarriak lortzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.