Koronabirusa

Hezkuntzako sindikatuak Jaurlaritzaren neurrien aurka agertu dira

Sindikatuen arabera, aurkeztutako protokoloa «berandu eta gaizki» iritsi da.

Ikasleak ikasgelan, maskara jantzita. GORKA RUBIO / FOKU
Oihane Puertas Ramirez.
2020ko abuztuaren 28a
19:00
Entzun

Ikasturtea hasteko protokoloa aurkeztu du Jaurlaritzak, eta egindako aldaketa nagusietako bat ikasturtea hasteko eguna da. Horrez gain, Hezkuntza Sailak ziurtatu du 1.000 irakasle gehiago kontratatzea aurreikusi dutela geletan ikasle gehien dituzten ikastetxeetarako.

Jaurlaritzak ezarritako neurrien aurka atera dira sindikatuak, horien artean ELA, CCOO eta LAB. ELAk protokoloa «berandu eta gaizki» iritsi dela salatu du, eta sindikatuaren ustez, protokoloak «zehaztasun eza, inprobisazioa eta aldebakartasuna» ezaugarri dituzten neurriak jasotzen ditu. Sindikatuak adierazi duenez, «mailakako itzulera da berritasun bakarra, eta horrek ez dakar osasun prebentzioaren berme gehigarririk», eta protokolo berria Jaurlaritzaren «propaganda hutsa» baino ez da.

LABen arabera, «Hego Euskal Herriko gobernuek adierazitako osasun eta hezkuntza neurriak ez dira nahikoa», eta gaineratu du «Eusko Jaurlaritza motz eta itxurakerian» agertu dela medioen aurrean, «neurririk adostu gabe eta hezkuntza komunitateak dituen beharrei entzungor eginez». Horrez gain, adierazi du adierazpenek «marketing itxura» dutela, eta sindikatuek «adierazitako mobilizazio dinamika baretzeko helburu hutsa dutela» dirudiela.

CCOO Irakaskuntzak adierazi duenez, aurkeztutako neurriak «ez dira nahikoak, urrun daude euskal irakaskuntzako langileek dituzten zalantza izugarriak konpontzetik, eta euskal gizarteak agertutako lasaitasun zurrumurruak isilarazi baino ez dute egin nahi». Horrez gain, sindikatuak adierazi du falta direla, besteak beste, «irakasleak hezkuntza emozionalean eta online baliabideetan trebatzeko neurriak, garbiketako eta sukaldaritzako langileen birusen aurkako prestakuntza espezifikoa, ikasleei eskola jantokietan arreta emateko araudi espezifikoa eta hezkuntza laguntzako langileentzako oinarrizko jarraibideak». Kontratazio berriei dagokienez, adierazi du ez duela ulertzen horiek «dagoeneko gertatu ez izana, Sailak uztailetik ezagutzen baititu ikastetxe bakoitzean aurreikusitako matrikulazioak».

Steilas ere gogor mintzatu da Jaurlaritzaren neurrien aurka; iruditzen zaio ez direla nahikoa,  «berandu» hartu dituztela eta «zalantzaz beteta» daudela. Ana Perez bozeramaileak kritikatu du neurriak abuztu amaieran jakinarazi dituela Jaurlaritzak, ikasturtea hasteko egun gutxiren faltan, eta gaineratu du mila irakasleren kontratazioa behar direnak baino askoz gutxiago direla; sindikatuen kalkuluen arabera, 6.000 gehiago behar dira gutxienez: «Hilaren 2an uste dugu baja asko egongo direla. Hezkuntza publikoa osatzen dugun 20.000 langileeetako asko arrisku faktore izango dira eta ezingo dira lantokira joan; eta badakigu beste askok positibo eman dutela edo berrogeialdian daudela inguruan positiboak dituztelako».

Horregatik, uste du Jaurlaritzak iragarritako mila kontratazioak ez direla nahikoa izango bajak ordezkatzeko ere: «Ez da beharrezkoa iraila iristea esateko zein eskolak behar duten irakasle gehiago. Hori guk geuk esan dezakegu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.