Frantziako Tourra

Kristoff nagusi, anabasa betean

Eroriko asko izan dira Tourreko lehen etapan, eta UAEko txirrindularia izan da bizkorrena esprintean.

ainara arratibel gascon
2020ko abuztuaren 29a
18:48
Entzun

Abiatu da Frantziako Tourra. COVID-19aren eraginez, ezohiko data eta baldintzekin. Eta ezohikoa ere izan da lehen etapan izandako anabasa. Euria eta eguraldia tarteko, eroriko ugari izan dira. Gutxi izango ziren hotelera zauri edo kolperik gabe joan diren txirrindulariak. Nahas-mahas horretan Alexander Kristoff (UAE) nagusitu da. Abiadura puntua galdua zen, baina eguraldiak mesede egin dio, euriarekin ondo moldatu izan baita beti. Hala, bera da lasterketako lehen liderra.

Hasieratik izan da mugitua lasterketa. Hiru txirrindularik egin dute aurtengo lehen ihesaldi ahalegina: Michael Scharrek (CCC), Fabien Grellierrek (Direct Energie) eta Cyril Gautierrek. Baina tropelak gertutik zaindu ditu. Gehienez hiru minuturen aldea edukitzen utzi diete. Euria hastearekin batera hasi dira lehen erorikoak, eta tropelean urduritasuna antzematen hasi da. Ez ziren eroriko larriak, baina bai etengabeak, eta asko izan dira kideei lasaiago joateko eskatu dieten txirrindulariak. Batez ere Rimiezeko hirugarren mailako mendatearen jaitsiera sigi-sagatsuan.

Eroriko horien lehen kaltetuak Pavel Sivakov (Ineos), Julian Alaphilippe (Deceuninck Quick Step) eta Sam Benett (Deceunick-Quick Step) izan dira, atzean geratu baitira, eta taldekideen laguntza behar izan dute. Riminzetik bigarren aldiz igaro eta gero, Jumbo Vismak hartu du tropelaren gidaritza, eta, iheslariak harrapatu ostean, tropelean ados jarri dira lasaiago joateko, gehiago ez erortzeko. Hortik aurrera, esprinterren taldeak lasterketak kontrolatzen aritu dira.

Hiru kilometro falta zirenean gertatu da azken erorikoa. Bertan, lasterketa irabazteko hautagaietako bat kaltetu da: Thibaut Pinot (FDJ). Denborarik galdu ez arren, ez zuen aurpegi ona frantziarrak, eta taldekideek babestuta iritsi da helmugara. Esprintean hoberen moldatu dena Kristoff izan da, eta, besteak beste, aurrea hartu die Mads Pederseni (Trek), Cees Boli (Sunweb), eta Peter Sagani (Bora).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.