Enplegua

Gipuzkoako Foru Aldundiak enplegu galeraren inguruko «kezka» agertu du

Plan bat iragarri du, baina ez du zehaztasunik eman. «Gogor eusteko» esan die enpresari eta langileei, eta diputazioa «bidelagun» izango dutela.

Imanol Lasa Ekonomia sustapeneko diputatua, COVID-19aren agerraldariaren aurretik enpresa batera eginiko bisita batean. BERRIA
jokin sagarzazu
2020ko irailaren 3a
12:32
Entzun

«Garai gogorrak datoz». Mezu horrekin abiatu du urte ekonomikoa Gipuzkoako Foru Aldundiak. COVID-19aren krisia lurraldean uzten ari den panoramaren analisi ezkorra egin du, baina enpresa eta langileei esan die haien «bidelagun» izango dela.

Prentsaurreko batean, Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko diputatuak ez du neurri berririk aurreratu. Jakinarazi du datozen asteetan 100 eragile ingururekin bilduko dela «ekintza plan bat zehazteko», orain arteko neurriak «iraungita» daudelako edo ez direlako «egokitzen egungo egoerara».

Plan hori aldundiaren aurrekontuetan islatuko dela azaldu du. Baina zerga bilketan izandako jaitsierak —%20 ingurukoa— aurrekontuan nola eragingo duen galdetuta, esan du berari ez dagokiola hori zehaztea. Hala ere, aurreratu du ekonomia suspertzeko diru sailak handituko dituela diputazioak.

Ekonomiari eta enpleguari eusteko apirilean abiatutako laguntzei buruzko «balantze baikor» bat egin du Lasak. 28 milioiko diru sailaren %95 dagoeneko «aktibatuta» dagoela esan du: 562 enpresek jaso dutela eta 10.000 langile ingururi eragingo dietela.

Dena den, gogoratu du urteko lehen sei hilabeteetan eta bereziki martxotik ekainera 8.400 lanpostu galdu direla lurraldean, %9koa dela oraingo langabezia tasa, eta urte amaieran «bi digitutik gorakoa» izatea aurreikusten dutela.

Egoera zaila izanda ere, azpimarratu du «notizia ona» dela Gipuzkoan lantegirik itxi ez izana, eta sektore batzuetan —berriztagarriena aipatu du— %100ean ari direla lanean; beste batzuetan —aeronautikan, metalgintzan eta garraioan, esaterako—, aldundiak aurreikusten du errekuperazioa geldoagoa izango dela, eta nazioarteko ekonomiaren eboluzioaren araberakoa izango dela hori. Horren harira, adierazi du itxaropentsuak direla Txinatik eta Alemaniatik datozen berriak.

Dena den, horrekin batera beste datu bat eman du: Gipuzkoako enpresen %70i baino gehiagori %20 jaitsi zaiela fakturazioa. Lasak nabarmendu du hurrengo hilabeteetan diputazioaren helburua izango dela lurraldeko ehun ekonomikoa «bizirik» mantentzea. «Gogor eusteko» deia egin die enpresari eta langileei, eta enpleguari eusteko behar diren neurriak adosteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.