Frantziako Hezkuntza Ministerioaren «inprobisazioa, arduragabekeria eta inposaketa» salatu ditu Seaskak

Ikastolen federazioak salatu du Frantziak ikasle guziak klaseetara bidali dituela, maskaraz gaindiko «inolako neurri berezirik gabe». Adierazi dute Ipar Euskal Herrian kutsadura «beste maila batera» iraganen balitz ikastolen ibilmoldea aldatu beharko dutela, eta abisatu dute ez direla horretarako «prest». 4.021 ikasle izanen ditu aurten Seaskak, 37 ikastoletan banatuak.

Seaskaren hitzetan, gainezka egitekotan da Ziburuko Piarres Larzabal kolegioa. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko irailaren 7a
12:46
Entzun

Gogor mintzatu da Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria Frantziako Hezkuntza Ministerioaren kontra: «Jarrera onartezina da. Inprobisazio hutsa da. Ikasle guziak klasera bidali dituzte, maskaraz aparteko inolako neurri berezirik gabe, talde handitan, distantziak ezin atxikiz, eta taldeak nahasteko arriskuarekin», salatu du. Adierazi du ez dutela ulertzen nolaz Ipar Euskal Herrian gaitza zabaldua ez zen garaian bi hilabeteko konfinamendua ezarri zuten, eta, uda honetan «turistak jin eta COVID-19a utzi ondoren», kasik «deus ez balitz bezala» eskolak ireki behar izatea. «Nolaz maiatzean Iparraldean gaitza zabaldua ez zelarik talde txikiak egin behar ziren eskoletan, eta, orain gaitza zabaltzen ari dela, klaseak normal egin behar ditugu?».

Joan den astean egin zuten eskolarako sartzea Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, eta ikastolen lehendakariak adierazi du eskas dituztela osasun neurriei erantzuteko baliabideak. Oroitarazi du Nafarroan 750 postu gehiago eta Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian 1.000 postu gehiago aurreikusi dituzten bezala, Frantziak ez duela gehikuntzarik egin. «Denok dakigu gaur egun ditugun baino talde txikiagoak beharko ditugula distantziak atxiki eta taldeak ez nahastea bermatzeko, baina [Frantziako] Hezkuntza Ministerioak ez du hori aurreikusi. Pandemiaren eboluzioak horretara eramaten bagaitu, ikastoletan izanen dugun aukera bakarra ikasleak etxera bidaltzea izanen da». Halakorik izanez gero, ikasleak txandaka arituko lirateke, eta irakasleek «lan bikoitza» izanen dute, klase presentzialak eta telelana, biak egin beharko baitituzte.

Halaber, salatu du Frantziako Gobernuak ez diela euro bakar bat ere eman material informatikoa erosteko. Bestalde, CNED Distantziazko irakaskuntzaren Frantziako zentroak eta gisa bereko beste egitura batzuek hitzemana badiete ere Internet bidezko tresnak eta ikasgaiak prestatuko dituztela, deitoratu du horietako bakar bat ere ez dela euskaraz izanen. «Ez dira baliagarri izanen gure ikasle eta irakasleentzat». Jorajuriak aitortu du aipatu posibilitate guziak aurreikusi dituztela eta gertatuko balira «maiatzean baino hobeki» prestatuak direla, baina «Hezkuntza Ministerioaren arduragabekeriaz eta baliabide eskasez, ez ditugu gure misioak behar bezala betetzen ahal».

Bosgarren kolegioa aztergai

Azken urteetako Ipar Euskal Herriko datuek biztanleriaren emendatzea eta sortze tasaren apaltzea erakusten dituzte. Jorajuriaren hitzetan, horrek erakusten du kanpotik gero eta jende gehiago heldu dela Euskal Herrira bizitzera. «Kanpotik heldu diren gehienek ez dute euskararekin inolako loturarik. Horregatik da hain inportantea eskola guziek euskara eta murgiltzearen hautua eskain dezaten». Hiriburuko (Lapurdi) eskola publikoaren murgiltze sistemaren esperimentazio proiektuari sostengua erakusteaz gain, Seaskaren datu onak azpimarratu ditu: gero eta haur gutxiago sortu eta eskolatzen den egoera honetan, Seaskak ikasle kopurua atxiki du. 4.021 ikasle izanen ditu aurten —iaz baino 21 gehiago—, 37 ikastoletan banatuak. «Pirinio Atlantikoetako departamenduan 600 ikasle gutxiago direla kontuan hartuta, ez da zenbaki txarra».

Azken urteetan, bigarren mailetan izan dute emendatze nabarmena, eta Ziburuko (Lapurdi) Piarres Larzabal ikastetxea gainezka egitekotan dela ohartarazi dute. Ondoko urteetan emendatzeak segituko duela aurreikusita, ezinbestekotzat jo dute beste kolegio bat irekitzea, bosgarrena. Bi eremu aztertzen ari dira: Senpere-Azkaine (Lapurdi) eremua edo Hazparne (Lapurdi). Herriko etxeekin harremanetan direla adierazi du Jorajuriak, eta aurten proiektua «zehaztu» nahiko luketela.

Azkenik, koronabirusaren krisiak ikastolen diruztatzean izan duen eragina ere azpimarratu du Seaskako lehendakariak. «Urte biziki zaila» izan dela erran du, eta azaldu antolatzen dituzten bestetako etekinen bidez lortzen dutela ikastola gehienen aurrekontuaren heren bat. «Batzuek laguntzak eskuratu dituzte, eta besteek kontuak gorrian dituzte». Heldu den udaberritik aitzina bestak antolatzeko aukerarik ez badute, ikastolak «gaizki» izanen direla ohartarazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.