Palestinaren inguruko ikastaro bat bertan behera uzteko eskatu dio Espainiako Juduen Federazioak NUPi

Bihar hasiko dute ikastaroa, Palestinaren aldeko elkartasun mugimenduen «kriminalizazioa» ardatz hartuta. Espainiako Komunitate Juduen Federazioak antisemitismoa bultzatzeaz akusatu ditu parte hartzaileak.

Omar Barghouti izango da hizlarietako bat. GORKA RUBIO / FOKU
2020ko irailaren 8a
12:49
Entzun

Apartheid-a Palestinan eta elkartasunaren kriminalizazioa hitzaldi multzoa bertan behera uzteko eskatu dio Espainiako Komunitate Juduen Federazioak NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoari. Federazioaren esanetan, ikastaroak «arnasa ematen dio» antisemitismoari. 

NUPek antolatutako udako ikastaroetako bat da, eta Israelen eta Palestinaren arteko gatazka «ikuspegi ezberdinetatik» aztertzea du helburu. Bost hitzaldik osatzen dute ikastaroa, eta bihar hasiko da, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakasle Isaias Barreñadaren Palestinako errealitatea 2020. urtean hitzaldiarekin. Hala, «Palestinan bakea bilatzen duen nazioarteko elkartasun mugimenduaren kriminalizazioa», eta Israelek, AEBek eta Europako Batasunak bultzatutako «diskriminazioa» aztertuko dituzte.

Federazioaren esanetan, ordea, Israelen eta juduen aurkako «gorrotoa» bultzatzen du ikastaroak. Horregatik, gutun bat igorri dio NUPeko errektore Ramon Gonzalo Garciari, hura bertan behera uzteko eskatuz. Izan ere, azpimarratu dute, parte hartzaileak kontuan izanik, ezinezkoa dela ezarritako helburuak lortzea.

Besteak beste, Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak mugimenduaren sortzaile Omar Barghoutik —Bakearen Ghandi Saria irabazi zuen 2017an— eta NBE Nazio Batuen Erakundeko Israelerako errelatore Michael Lynkek hartuko dute parte. Juduen federazioaren hitzetan, lehenak juduen «diskriminazioa» eta Israelen «deabrutzea» defendatzen ditu, eta Hamas eta Palestinaren Askapenerako Herri Frontea erakundeekin loturak ditu. Biak «erakunde terroristatzat» jotzen ditu Israelek. Lynken aurka, berriz, adierazi dute NBErentzat eginiko txostenetan «propaganda antisemita» erabili izan duela oinarri gisa.

Ez dira horiek Espainiako Komunitate Juduen Federazioak kritikatu dituen hizlari bakarrak. «Terrorismoa justifikatzeaz» akusatu du Lidon Soriano ikertzailea eta Internazionalistak Auzolanean taldeko kidea, eta Alys Samson Boikotaren aldeko Batzorde Nazionaleko Europako koordinatzailearen parte hartzea salatu du.

Horrez gain, ikastaroa prestatzearen ardura hartu duen Sodepaz elkartea «muturreko mugimenduekin» lotuta dagoela adierazi dute. «Gatazkaren bertsio desitxuratu bat azalduko dute, aldeetako baten narratiba babestuz eta bestea kriminalizatuz», nabarmendu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.