Aeronautika

ITP Aeron lau greba egunetara deitu dute datozen bi asteetarako

Aeronautika sektoreak mobilizazioekin defendituko du enplegua. Zamudioko ITPn, irailaren 15, 17, 22 eta 24an egun bateko lanuzteak egingo dituzte. Alestiseko langile  batzordeak ere mobilizazioak iragarri ditu. Sektoreak manifestazioa egingo du irailaren 26an, Gasteizen. 

Alestiseko langileak atzo, fabrikaren atarian. BERRIA
Irune Lasa.
2020ko irailaren 9a
12:33
Entzun

«Alestisen ez dago inor sobran». Gasteizen lantegia duen aeronautika enpresako beharginek ez dute onartuko langileak izatea euren lanpostuekin pandemiaren ondorioak pairatu behar dituztenak. Gasteizko lantegiko enpresa Batzordearen ustez, Alestisen inor ez dago sobran, ez kaleratu nahi dituzten taldeko 585 langileak, ezta zehazki egoera horretan dauden Gasteizko 87 langileak ere.

Batzordeak erakundeei egin die deia: «Enpleguari eta industria jarduerari eusteko apustua egin behar dute». Gogoratu du aeronautika sektoreak 6.000 lanpostu zuzen dituela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 25.000 zeharka lotuta, nahiz eta azken urteetan «erakundeen inplikazio faltaren erruz» jardueraren zati handi bat penintsula erdialdera eta hegoaldera aldatu den. Eusko Jaurlaritzak industria politikarako bere eskumenak industria horren eta enplegu horien defentsan erabil ditzan nahi dute Alestiseko langileek. Gauza bera eskatu diote Espainiako estatuari, zeina enpresa akzioen %24aren jabe den (SEPIren bitartez). 

Ziurtasun gabeziako egoeran, eta aurreikusita gauzak hobera egin dezaketela luze gabe eta luzera begira, Alestiseko enpresa batzordearen ustez, merezi du behin-behineko irtenbideak erabiltzea: «aldi baterako lan erregulazioak, lan astearen murrizketak, erretiro aurreratuak, adostutako kaleratze ez-traumatikoak, itzulera bermatuko eszedentziak...». 

Izan ere, badakite oso zaila dela berreskuratzea behin suntsitu den enplegua. Eta, horregatik, lanpostuak defenditzeko unea dela uste dute. 

Manifestazioak eta grebak 

Alestiseko Gasteizko langileek mobilizazio egutegi zabala iragarri dute gaur. Tartean, irailaren 26rako manifestazioa iragarri dute Gasteizen, zeina aeronautika sektorearen izenean egingo den. 

ITP Aeron, berriz, lau egun solteko greba deialdia egin dute bi astetarako. Enpresak erregulazio espediente bat egingo duela aurreratu du, eta Zamudion (Bizkaia), Ajalvirren (Espainia) eta Alcobendasen (Espainia) dituen plantetako langileen %15i eragingo die. Sindikatuek hilaren 15ean jasoko dituzte espedientearen inguruko argibideak, eta egun horretan bertan egingo dute lehen lanuztea. Hurrengo hirurak 17an, 22an eta 24an izango dira. Deialdia ELAk egin du; langile batzordeko 23 kideetatik hamar sindikatu horietakoak dira, presidentea barne. Besteak UGTrenak dira, zortzi, eta CCOOrenak bost.

UGTk, herenehun, hegazkigintza sektoreko espediente guztien aurka zegoela adierazi zuen, eta ikusteko dago zer jarrera hartzen duen. ELAk, deialdiarekin, kaleratzeak eragotzi nahi ditu, eta Zamudion hartu beharreko neurriak bertako langile batzordearekin negoziatzea. 1.200 langilek dihardute han, eta egunotan protestaldiak egiten ari dira. Besteak beste, manifestaziora deitu dute larunbaterako, Bilbon.
 

Aernnovan ere
Kaleratzeen mehatxupean dagoen aeronautika alorreko beste enpresa bat da Aernnova, zeinak egoitza nagusia Berantevillan (Araba) duen. Taldeko langileen %20 kaleratzea «zentzugabea» dela salatu du gaur lantegiko enpresa batzordeak, eta pandemiak eragindako «eskari murrizketa erabat behin-behinekoa» dela azpimarratu du. 

Aernnovako langileen ordezkarien ustez, «aeronautika sektorea erabat estrategikoa da herrialdearentzat», eta horregatik eskatu dute erakunde guztien inplikazioa irtenbideak bilatzeko. «Kaleratzeak badira patronalek mahai gainean jarritako erantzun bakarra, langileak eta enpresa batzordea aurrez aurre izango gaituzte». 
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.