HONDAKINEN KUDEAKETA

GHK-k dio ezin zaiela erantzukizun pertsonalik eskatu erraustegia gelditzearen alde bozkatu zutenei

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak ebatzi du ezin dela frogatu Zubietako errauste planta gelditzearen aldeko botoa eman zutenek «doloz edo arduragabekeria larriz» jokatu zutenik.

Zubietako errauste planta. GORKA RUBIO / FOKU
2020ko irailaren 9a
20:19
Entzun

GHKren zerbitzu juridikoek adierazi dute EH Bilduko batzarkideei ezin zaiela eskatu erantzukizun indibidualik GHK-k izandako galerengatik. Partzuergoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak 2017ko abenduan ebatzi zuen Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko lehendakari ohiak eta Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatu ohiak «botere desbideratzea» egin zutela Zubietako errauste plantaren lanak eteteko, baina zerbitzu juridikoek uste dute ezin zaiela erantzukizun pertsonalik eskatu erraustegia geldiaraztearen alde bozkatu zuten batzarkideei, ezin delako frogatu doloz edo arduragabekeria larriz jokatu zutela. 2013ko azaroaren 23ko batzarrean egin zuten bozketa.

Zerbitzu juridikoen txostena proposamen gisa aurkeztu dute GHK-ren batzarrera. Kontsortzioak azaldu du txosten hori egiteko eskatu ziela zerbitzu juridikoei, EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenak ez zuelako zehazten erantzukizun indibidualik bazen edo kontsortzioak berak nola jokatu behar zuen.

Txostenean, zerbitzu juridikoek diote GHKri eginiko kalte ekonomikoa 8,7 milioi eurokoa izan zela, kalte-ordain hori pagatu zietelako errauste planta eraikitzekoak ziren enpresei. Kalte hori «ez zuen GHK-k jasan behar, ekintza administratibo baten bidez egin zelako, boterea desbideratuta, bi erakundeen sorrerako helburua urratuta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.