Koronabirus kasuek goia jo dute Nafarroan

Azken orduetan  975 kasu positibo atzeman dituzte Hegoaldean, horietako 340 Nafarroan. Hildako bat izan da, eta bertze 73 pertsona sartu dituzte erietxean. 

PCR probak egiten dituzten laborategi bat, artxiboko irudian. GORKA RUBIO, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko irailaren 10a
12:53
Entzun

Hirugarren egunez jarraian, gorantz jarraitzen dute azken orduetan atzemandako koronabirus kasuek. 975 kasu berri erregistratu dira, azken zenbaketan baino 118 gehiago. Igoerarik nabarmenena Nafarroan izan da. 340 kasu erregistratu dituzte, bezperan baino 144 kasu gehiago. Bertan egindako testen %10,6k eman dute positibo. Gainera, hildako bat izan da bertan. 

Nafarroarekin bat, Bizkaian ere igo egin dira kasu positiboak. Bezperan baino 29 positibo gehiago atzeman dituzte, 342 denera. Araban, beste 97 kasu atzeman dituzte, bezperan adina. Gipuzkoan, berriz, jaitsiera esanguratsua izan da: beste 174 kasu atzeman dituzte, azken zenbaketan baino 66 gutxiago.

Kasu positiboak igotzearekin bat igotzen ari da ospitaleratuen kopurua ere. 24 orduan 73 pertsona sartu dituzte ospitalean, bezperan baino lau gehiago. Gainera, ZIUetan artatzen ari diren pazienteek ere gorantz jarraitzen dute: dagoeneko 63 dira. 

11.537 test egin dituzte azken 24 ordutan, bezperan baino 667 gutxiago. 

Adinekoen egoitzetako egoera

Nafarroako adinekoen egoitzetako berri eman du gaur goizean Nafarroako Gobernuak. Bertan  jakinarazi duenez, Nafarroako adinekoen egoitzetan bizi diren 35 egoiliarrek dute egun koronabirusa. Horietako hiru, gainera, erietxean daude. Gobernuak emandako datuen arabera, uztailaren 1etik 71 kasu erregistratu dituzte, eta hiru egoiliar zendu dira. Egoiliarrei ez ezik, egoitzetan lan egiten duten 32 profesionali ere atzeman diete birusa. 

Ezgaitasunen bat duten pertsonen egoitzetan, berriz, egun hiru pertsonak dute birusa, eta horietako bat dago erietxean. Gainera, sei pazientek jaso dute gaixo agiria. Egoitzetako sei langilek eman dute positibo. 

Nafarroako Gobernua PCR testak egiten ari da egoitzetan bizi diren 10.000 egoiliar eta profesionalen artean. Tuteran hasi dira probak egiten, bertan dagoen transmisio altua dela eta. 

Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen kontseilariak nabarmendu duenez, lehen oldean birusa izan zutenen %26 ziren egoitzetako egoiliarrak. Bigarren oldean, berriz, %1 bakarrik. Alta, arduraz jokatzeko eskatu du, eta oroitarazi du transmisioa handia bada aukera gehiago dagoela birusa egoitzetara iristeko. p>

Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiek ere eguneratu dituzte beren egoitzetako datuak. Bi positibo gehiago atzeman dituzte Araban, eta denera dagoeneko 12 dira kasu positiboak. Hiru adinekok jaso dute senda agiria eta dagoeneko 27 dira bigarren olatua sendatu diren adinekoak.  Gipuzkoan ere bertze bi positibo gehiago atzeman dituzte, eta dagoeneko 55 dira kasu positiboak. Horietatik 10 daude ospitalean. Bigarren olatua hasi zenetik lau adineko zendu dira Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.