Altzairugintza

Sidenorrek aldi baterako espedientea ezarri nahi die multzoko 1.500 langileei

Xehetasunak erabakitzeko daude, baina, sindikatuekin izandako lehen bileran, enpresak aditzera eman du 2021eko abendura arte luzatu daitekeela.

Sidenorreko langile bat, kaskoa besapean hartuta. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko irailaren 10a
16:51
Entzun

Sidenor altzairutegiak lana aldi baterako erregulatzeko espedientea ezartzeko asmoa du. Autogintzaren beherakadaren ondorioz hartu du erabakia, ekoizpenaren %70 sektore horretara zuzendua baitago. Sidenorrek dituen 1.500 langileei eragingo die espedienteak, eta horietatik 1.140 Euskal Herrian dituen hiru plantetan dihardute: Basaurin (Bizkaia), Azkoitian (Gipuzkoa) eta Gasteizen. Lan jardunaren zenbatekoaren murrizketa eta espedientearen iraupena erabakitzeko dauden xehetasunak dira. Dena den, enpresak sindikatuekin izandako lehen hartu-emanean aditzera eman duenez, 2021eko abendura arte izan daiteke. 

Sidenorrek goizean jakinarazi die asmoa sindikatuei —ELA, LAB, CCOO eta UGT—. Bilduta zeudela, kazeta batek albistearen berri eman du, eta filtrazioak gaiztotu egin du bilerako giroa. Enpresak argudiatu duenez, autogintzaren beherakadak eragin du erabakia, «alarma pizteko moduko jaitsiera bat» egon delako eskarietan, eta beste bezeroak ere —hegazkingintza, meatzea, hodigintza…— ez direlako COVID-19aren krisiaren aurreko kopuruetara itzuli. Horri aurre egiteko «enplegu- eta industria-trantsizio plana» delakoa aurkeztu die sindikatuei. Aldi baterako espedientearen helburua kaleratzeak eragoztea da.

Plan hori negoziatzeko dago, eta litekeena da hurrengo astean hastea bilerekin. Planta guztiek bat eginda negoziatuko dute, eta enpresa arteko mahai bateratua eratu behar da. Hainbat sindikatuk jarrera zehaztu behar dute, baina LABek, bere aldetik, erabakia du ez duela aldi baterako lan erregulazioa onartuko. Izan ere, besteak beste, lehen pauso bat iruditzen zaio neurri zorrotzagoen bidean, formak ez direlako egokiak eta Sidenorrek kontuak «garbiak» dituelako. Sindikatuaren arabera, 2016-19 hirurtekoan 66 miloi euroko irabaziak izan zituen, eta 103 milioi banatu zituen dibidendutan. Iaz, aldiz, 24 milioi euroko galera izan zuen, baina, LABen arabera, enpresak 15 milioi banatu zituen dibidendutan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.