Frantziako tourra

Hirschi gailendu da, erakustaldia emanda

Suitzar gazteak Tourreko 12. etapa irabazi du, azken 28 kilometroak bakarrik egin ostean. Pierre Rolland bigarren heldu da, eta Soren Kragh Andersen, Hirschiren taldekidea, hirugarren. Primoz Roglicek elastiko horiarekin jarraitzen du.   

Marc Hirschi Sunwebeko txirrindularia, podiumean. MARCO BERTORELLO / EFE
Mikel O. Iribar.
2020ko irailaren 10a
17:43
Entzun

Handia egin du Marc Hirschik (Sunweb). Suitzarrak World Tourreko lehen garaipena lortu du gaur, Frantziako Tourreko 12. etapan, eta nola, gainera. Ibilbide gorabeheratsua izanda, lasterketa zoroa izan da gaurkoa, eta, espero bezala, azken zatian tropelean erasoak bata bestearen atzetik izan dira. Sei txirrindularik tropelarekiko tartea zabaldu dute, eta tartean ziren Sunwebeko hiru txirrindulari. Hirschik Marc Solerrekin (Movistar) batera aurrera egin du, eta, etapa amaitzeko 28 kilometro falta zirenean, Soler suitzarrari jarraitu ezinik geratu da. Hortik aurrera, erakustaldia eman du Hirschik. Atzean, bestalde, Julian Alaphilippek (Deceuninck) lehen taldera batzeko hainbat ahalegin egin ditu, baina denak hutsalak izan dira. Primoz Roglicek (Jumbo Visma) arazorik gabe eutsi dio lidergoari.

Frantziako Tourreko 12. etapa Chauvignynen hasi eta Sarran Correzen amaitu da. 218 kilometro egin behar izan dituzte guztira txirrindulariek. Aurtengo etaparik luzeena izan da, eta ibilbide gorabeheratsua izan dute; hain zuzen, laugarren mailako bi mendatetxo, hirugarren mailako bat eta bigarren mailako beste bat  igo behar izan dituzte. Gaurko etapak klasiko batek izan dezakeen gidoia bete du. Imanol Erbiti (Movistar) sartu da gaurko ihesaldian, Nils Politt (Israel), Max Walscheid (NTT) eta Luis Leon Sanchezekin (Astana) batera. Ondoren, Kasper Asgreen (Deceuninck) eta atzo ihesean bakarrik aritu zen Mathieu Ladagnous (Groupama) batu dira lehen taldera.  Bestalde, Ilnur Zakarinek (CCC) lasterketa utzi behar izan du; atzoko etapan erori, eta saihets bat hautsi zuen. 

Ihesaldiak tropelarekiko izan duen alderik handiena ia hiru minutukoa izan da, baina, apurka-apurka, tropelak aldea murriztuz joan da. 44 kilometro falta zirenean, Erbitik eta Asgreenek egin dute aurrera, Croix du Pey mendatean. Handik aurrera, baina, lasterketa goitik behera aldatu da. Tropelean erasoak bata bestearen atzetik gertatu dira, eta horrek liderrak behartu ditu belarriak tente eduki eta erne egotera. Tropelak gaurko ihesaldia irentsi, eta berehala sei txirrindularik egin dute aurrera, horietatik hiru Sunwebekoak. Goizean talde alemaniarrak autobusean prestatu duen jokaldia ongi atera zaio; izan ere, Hirschi geratu da bakarrik lasterketa buruan. Bitartean, mendatera iritsi orduko, Julian Alaphilippek (Deceuninck) sua piztu du tropelean, eta bakarrik, aurretik zuen Dries Devenyns taldekidearen multzora batu da. Talde horretan zen, besteak beste, Pello Bilbao (Bahrain). 

Erasoak eraso, Hirschik pedal kolpe onarekin aldeak handituz joan da, eta bete-beteko jazarpen proba egin du suitzarrak. Atzean, Alaphilippek, etsita, erasoak egiten ahalegindu da, baina ez dio saiakerari behar besteko jarraipenarik eman. Hori gutxi ez, eta zulatua izan du frantziarrak. Beraz, gaur begiz joa zuen etapa ezerezean geratu zaio. Sari handia, ordea, Hirschik jaso du, eta bi besoak lasai altxatu ditu Sarran Correzeko helmugan. Zortzi urte zeramatzan Suitzako txirrindulari batek Tourrean garaipenik lortu gabe. Azkena, Fabian Cancellarak eskuratu zuen, 2012an, aitzinetapan.

Gaurkoa etapa gogorra izan da txirrindularientzat, eta biharkoan ere hanketako mina areagotuko zaie. 191 kilometro egin beharko dituzte, eta mendian amaituko da, Puy Maryn (5,4 km, %7,7). Oilarrek, behinik behin, sagarrondoa astintzeko aukera aproposa izango dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.