Arrauna. Kontxako Bandera

Garaipena berritu dute Hondarribiak eta Oriok

Ez da ezustekorik izan, eta lehen igandeko garaileek emaitza berritu dute bigarren jardunaldian. Euren palmareseko hamalaugarren garaipena dute Hondarribikoek, eta bigarrena Oriokoek.

Aitor Manterola Garate.
2020ko irailaren 14a
12:50
Entzun

Hondarribiak gizonezkoetan, eta Oriok emakumezkoetan, iazko garaipena berritu dute Kontxako Banderan. Lehen jardunaldian erakutsitakoa berretsi zuten berdeek eta horiek, eta nagusi izan ziren berriz ere. Hondarribia hamalaugarrenez nagusitu da arraunaren olinpiar lehian, eta, Orio, bigarrenez.

Antzeko bilakaera izan zuten bi estropadek. Emakumezkoetan, Donostiarrak bi segundo eskasen atzerapena izan zuen lehen igandean, eta hasiera indartsua egin zuen atzo alde hori berreskuratzeko asmoarekin. Etxeko trainerua saiatu zen aurrea hartu eta oriotarrak urduri jartzen, baina lehen hiru minutuetan ondo eutsi zioten horiek aurkari zuzenaren joari.

Azkenean, aurrea ere hartu zieten, nagusi izan ziren estropada amaierara arte, eta donostiarrei 11 segundo atera zizkieten. Donostiarraren atzetik helmugaratu ziren Arraun Lagunak eta Tolosaldea, hirurak bi segunduo eskasen tartean. Lehen txandan Hondarribia izan zen nagusi.

Hondarribia, fin

Gizonezkoetan, bere ohiko arraunketa finari eutsi zion Hondarribiak, eta ondo menderatu zuen estropada. Lehen jardunaldian gertuen izan zuen ontzia Zierbena izan zen, zortzi segundora, eta atzo ere indartsu atera ziren bizkaitarrak. Segundoren bat aurretik ere jarri ziren, baina ondo eutsi zion Ama Guadalupekoak, eta emakumezkoetan Oriok egin zuen bezala, hirugarren minututik aurrera aurrea hartu zuen. Nagusitasuna erakutsi zuten berdeek, eta hirugarren garaipena dute jarraian.

Zierbena izan zen bigarren sailkatua berriz ere, eta atzo, hirugarren, Orio izan zen. Aurtengo Kontxan; beraz, ez da ezusteko handirik izan, eta ligako azken jardunaldietan sasoirik onena erakutsi duten bi taldeak izan dira nagusi, lehendabiziko igandean ere nagusi izan zirenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.