Frantziako Tourra

Pogacarrek lehertu egin du Tourra

Esloveniarrak azken unean kendu dio maillot horia Roglici, erlojupeko ikusgarria eginda. Porte podiumera igo da, Miguel Angel Lopezen kaltetan. Landa laugarren jarri da

enaut agirrebengoa
2020ko irailaren 19a
18:37
Entzun

Tourraren historiara pasako den iraultza gauzatu du Tadej Pogacarrek (UAE) lasterketako azken-aurreko etapan. 57 segundora zuen Primoz Roglic (Jumbo) sailkapen nagusian; bada, erlojupeko bikaina egin, saioa irabazi, eta herrikideari maillot horia kendu dio. Aurreneko Tourra zuen, eta irabazi egin du. Roglicek poltsikoan zuen garaipena, mendateak ahaltsu igaro eta gero, baina hondoratu egin da; non, eta espezialista den esparruan. Ia bi minutu galdu ditu helmugan. Lur jota iritsi da, eta bizikletatik jaistean, ezin zuen sinestu ere egin. Ezta Pogacarrek ere. Tourraren historiako bigarren irabazlerik gazteena izango da, Henri Corneten ostean –hemeretzi urterekin irabazi zuen 1904ean–.

Podiumeko hirugarren koskan ere aldaketa egon da. Miguel Angel Lopez (Astana) hirugarren zen, baina saio negargarria egin du, eta aurrea hartu dio Richie Portek (Trek). Baita Mikel Landak ere (Bahrain). Bosgarren postuari eustea zen arabarraren helburua, baina horren ordez, postu bat egin du gora. Hala, laugarren bukatuko du Tourra, podiumaren atarian, 2017an bezala. Orduan, segundo bakarrera gelditu zitzaion loria. Orain, berriz, urrutiago, 2.28ra. Enric Mas (Movistar) bosgarren jarri da, eta Lopez seigarren posturaino amildu da.

Lehen denbora aipagarria Remi Cavagnak (Deceuninck) ezarri d: 57.54. Haren marka denbora luzez egon da indarrean, harik eta sailkapen nagusiko ziklistak helmugaratzen hasi diren arte. Wout van Aert (Jumbo) izan da frantziarraren denbora ontzen lehena; 28 segundo atera dizkio. Gero, Tom Dumoulinek (Jumbo) aurrea hartu dio bere taldekideari, hamar segundo eskasengatik. Zaila zirudien inork herbeheretarraren aurretik bukatzea, baina Pogacarrek hegan egin du, bai ordekan, baita La Plancheko aldapa pikoetan ere. Erlojuari astindua eman dio: Dumoulin baino 1.21 azkarragoa izan da. Etapako podiuma Portek osatu du, Dumoulinen denbora berarekin.

Horiek horrela, Pogacar koroatu egingo da bihar Parisen, lasterketa hankaz gora jarri eta gero. Ez da Tour ikusgarria izan, mendateetan ez baita faboritoen arteko lehia bizirik ikusi. Baina bukaera, luzaroan oroitzeko modukoa izan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.