Kontu publikoak

Aldundien eta udalen defizita handitzeko baimena eskatuko du Jaurlaritzak

2020. urtea «oso txarra» izango dela esan du Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak, nahiz eta abuztutik aurrera erakusle batzuek susperralditxo bat islatu duten

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburua. IREKIA
xabier martin
2020ko irailaren 23a
10:46
Entzun

Azken orduko aldaketarik ez bada egutegian, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak irailaren 30ean egingo dute bilera Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan, eta, batzar horretan, aldundien eta udalen defizit maila handitzeko eskatuko dio Gasteizek Madrili. Horrela jakinarazi du Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak Radio Euskadin.

Zorpetze maila zenbat handituko den jakin gabe, Iñigo Urkulluren gobernuak ezin ditu aurrekontu orokorrak prestatu. Uztailean, gobernu biek hitzartu zuten %2,6koa izango dela Gasteizko gobernuaren defizita, eta hil honen hondarrean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioen eta udalen defizita negoziatzeko txanda izango da.

Bide orri horretan, Euskal Finantzen Kontseilua iritsiko da ondoren, urriaren 15ean. Bilketaren emaitzak aztertuko dituzte diputazioek eta Jaurlaritzak. Konfinamendua aurrera zihoala, bilketak %20 inguruko jaitsiera izango duela aurreikusi zuten erakundeek, baina Azpiazuk esan du «zertxobait apalagoa» izango dela jaitsiera hori.

«Keynesiarrak izan gaitezen»

Gasteizko gobernuak defizitarekin orekatu nahi du zergen bilketaren uzkurtzea, eta defizit hori Europatik iristekoak diren funtsekin orekatzea espero du ondoren; baina sailburuak zehaztu du funts horiek uste baino gehiago atzeratzen ari direla. Edonola ere, Azpiazuk murrizketak baztertu ditu, sortzen ari den «desberditasuna» orekatu behar delako.

Era berean, langile publikoen soldatak jaistea baztertu du. Baina «denen kolaborazioa» eskatu du, enpresa, eragile sozial, erakunde eta hiritarrena, aurrez aurre egokitu den egoera gainditzeko. Izan ere, ez du ezkutatu 2020. urtea «oso txarra» izango dela, nahiz eta abuztutik aurrera «erakusle batzuek» susperralditxo bat islatu duten. «Keynesiarrak izan gaitezen, eman diezaiogun hauspoa inbertsio publikoari. Zorraren kostua har dezakegu gure gain». Ostiral honetan, hazkundeari eta enpleguari buruzko aurreikuspen berriak jakinaraziko ditu Azpiazuk, eta jadanik ohartarazi du jaitsierak «oso garrantzitsuak» izango direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.