12 urteko kartzela zigorra Bidarten emaztea hil zuen gizonarentzat

2018ko maiatzaren 2an hil zuen Rejane Chaumont senarrak. Atzo eta herenegun epaitu zuten gizona, Paueko auzitegian

Bob Edme. BIDARTEKO HILKETA MATXISTAREN GAITZESPENA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko irailaren 23a
11:55
Entzun

Frantziako Poliziaren aitzinean, egun hartan emazteak banantzeko «mehatxu egin» ziola adierazi zuen, baina Paueko auzitegiaren aitzinean ez zen halakorik aipatu izanaz oroitu Jean Delattre. 80 urteko gizonak emaztea hil zuen tiroz orain dela bi urte, eta bere buruaz beste egiten saiatu zen ondoren. Atzo eta herenegun, gertatutakoaz azalpenak emateko eskatu zioten behin eta berriz epaileak eta abokatuek, baina erantzun bakarra eman zuen gehienetan: «ez naiz oroitzen». 18 urteko kartzela zigorra eskatu zuen prokuradoreak gizonaren kontra; 12 urteko zigorra ematea erabaki du azkenean epaileak.

Adineko bikote bat zen. 73 urte zituen Rejane Chaumontek, eta 79 haren senarrak, Jean Delattrek. Bidarten (Lapurdi) bizi ziren, Argizabal bidean. Familia kezkatuta zegoen, azken aldian «portaera arraroak» izan zituelako bikoteak, eta 2018ko maiatzaren 2 hartan kezka handitu zitzaien, eskuko telefonoan Jean Delattrek igorritako mezu artegagarriak jaso zituztelako.

Suhia joan zen bikotearen etxera, eta atea ireki ziotenean gizona ikusi zuen, ehizarako eskopeta bat eskuetan zuela, eta emakumea, lurrean botata, hilda. Suhiak larrialdietara deitu zuen, eta suhiltzaile, mediku eta poliziak gerturatu ziren lekura.

Gizona bere etxean itxi zen, ordea. Poliziek ingurua hesitu zuten, eta gizona konbentzitu zuten, hiru bat ordu geroago, eskopeta utzi zezan eta etxeko atea ireki zezan. Larrialdi zerbitzuak barrura sartu zirenerako, berandu zen: Rejane Chaumont hilotz zen.

Gizona, berriz, emaztea hil ondoren bere buruaz beste egiten saiatu zen. Bihotzerako pilulak hartu zituen, eta kontua lausotuta zegoen poliziak etxera sartu zirenean. Ospitalera eraman zuten, eta hurrengo egunetan Baionako espetxean sartu zuten, epailearen aurrean deklaratu ondoren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.