Langile greba

Gipuzkoako zahar egoitzetako langileek grebari ekingo diote urriaren 6an

Osasun krisiaren aurretik pairatzen zituzten lan baldintzak orain «are okerragoak» direla leporatu diete enpresa arduradunei eta Gipuzkoako Foru Aldundiari. Hala, martxoaren 13an 242 egunen ostean gelditu zuten grebari berriro ekitea erabaki dute.

Gipuzkoako zahar egoitzetako langileen grebako artxiboko irudia, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Mikel O. Iribar.
2020ko irailaren 24a
13:27
Entzun

Gipuzkoako zahar egoitzetako langileek martxoaren 13an eten zuten egiten ari ziren greba, munduko osasun pandemiaren inguruan «erantzukizunez jokatzeko». Orain, ordea, grebari berriz ekitea erabaki dutela jakinarazi du ELA sindikatuak. «Foru Aldundiak eta enpresek egungo egoera oso larrian duten borondaterik ezak behartuta», Gipuzkoako zahar egoitzetako langileek erabaki dute duela bi urte baino gehiago hasitako borrokari berrekitea, langileen baldintzak eta erabiltzaileei eskaintzen zaien zerbitzua hobetuko dituen hitzarmen kolektibo baten alde. Langileek azaldu dutenez, orain «pandemiaren aurretik baino baldintza okerragoetan» ari dira lanean. «Gaur egun sektoreko langileok pairatzen duguna ankerra da», nabarmendu dute.

Gauzak horrela, «erabaki gogor bat» hartzea beste biderik ez dute ikusi. Gipuzkoako egoitzetako ELAko langileek martxoaren 13an 242 egunen ostean gelditu zuten grebari berriro ekitea erabaki dute, oraingoz, egun baterako: urriaren 6rako. «Ezin dugu onartu enpresak eta Aldundia sektore honetan egiten ari direna, non bizitzak jokoan dauden eta erantzukizunez jokatzen ez den», nabarmendu dute.

Izurriaren lehen olatuaren erasoa jasan eta gero, langileak «fisikoki, psikologikoki eta emozionalki lehertuta» geratu direla nabarmendu dute. Horrez gain, salatu dute «enpresen eta Foru Aldundiaren mespretxua eta kudeaketa negargarria pairatzen» ari direla. «Lan gatazka eta gatazka soziala konpontzeko ahaleginak egin beharrean, eta langile, material eta lan baldintza hobeetan inbertitzen saiatu beharrean, gaur, 6 hilabeteko pandemiaren ostean, okerrago gaude», zioen oharrak. Adierazi dutenez, ez enpresak, ez aldundiak ez diete langileen eskaerari erantzuten; ez daude elkarrizketarako eta negoziaziorako prest ere. «Gainera, langileoi eta Gipuzkoako egoitzetako erabiltzaileei hain ondorio larriak ekarri dizkigun eredu horretaz harro daudela diote», salatu dute. 

Horiek horrela, egungo egoera «kezkagarria» dela ziurtatu dute. ELAk adierazi duenez, pandemiaren aurretik ere estrukturala eta defizitarioa zen langileria faltari orain lan karga handitzea gehitu zaio, zentroen berregituraketa logikoa dela eta. «Hori dela eta, gaur egun langile falta horrek arrisku larrian jartzen du ez bakarrik langileen osasuna, baita egoitzetako erabiltzaileen bizitza ere». Langileek oharrean salatu dute gaixo baimenak ez direla beti betetzen. «Ez dagoelako horiek betetzeko borondaterik edo, besterik gabe, baldintza horietan lan egin nahi duen langilerik ez dagoelako; izan ere, gaur egun, egoitza batzuetan norbera babesteko ekipamenduak falta dira, edo kalitate txarrekoak dira; PCR analisiak egin ditzaten gogor borrokatu behar da…».

Langileen eskaria argia da: «Bizi dugun bigarren olatu honen aurrean, langile eta erabiltzaileok premiaz eta berehala baliabide pertsonal gehiago eta hobeak behar ditugu; hau da, bizi eta lan baldintza hobeak. Azkenik, oharrak amaieran honela zioen: «Langileek zaintza publikoko sistema baten alde egin dute, ez aldundiaren enpresa lagunak aberasten dituen baten alde».

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.