Aeronautika

Plan estrategiko bat eskatu dute aeronautikarentzat

Sektoreko langileek manifestazioa egin dute Gasteizen. Sindikatuek uste dute kaleratzeak beharrean, «behin behineko neurriak» har daitezkeela

Sektoreko langile batzuk, Gasteizen larunbat honetan eginiko manifestazioan. ENDIKA PORTILLA (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko irailaren 26a
17:50
Entzun

Erakundeen inplikazioa galdegin dute aeronautikako langileek, sektoreak bizi duen krisiari aurre egiteko. Euskal Herrian, Araban biltzen dira langile gehienak eta, hain justu, hiriburuan mobilizatu dira larunbat honetan. Manifestazioaren deitzaileek gogoratu dute administrazioek inbertsio handiak egin dituztela sektorea lurraldean errotu zedin eta hori dela-eta «estrategikoa» bihurtu dela -1.400 langile eta beste 8.000 zeharkako-. Gaineratu dute beharginek «kualifikazio maila altua» lortu dutela eta hori ezin dela galtzen utzi. Sektoreak etorkizuna baduela iritzita, instuzioei eskatu diete «benetako» plan industrial bat lantzeko aeronautikarentzat, pandemiaren osteko egoerara egokitu dadin.

ELA, LAB, CGT eta UGT sindikatuek deitu zuten mobilizaziora, eta Aernnova, Alestis, Fibertecnic, Burulan, Gmpasa, Metraltex eta Feliu Madinabeitia enpresetako langileek babestu dute. Asteon eginiko bigarren mobilizazio bateratua izan da. Asteartean, sektoreko beharginek lanuzteak egin zituzten, eta Bilbon bildu ziren, manifestazio batean. Irudi hori errepikatu da Gasteizen.

Martxaren amaieran irakurritako agirian, sindikatuek gogoratu dute sektoreko enpresek urteetan zehar euskal erakundeen «laguntza asko» jaso dituztela eta, aldiz, instituzioek «ezer ez» dutela egin zuzendaritzek «lantaldeak murriztu dituztenean, lan kargak penintsularen erdialdera eta hegoaldera eraman dituztenean, eta ekoizpenaren zati handi bat beste herrialde batzuetan deslokalizatu dutenean». «Zer gehiago gertatu behar da erakundeak inplikatu daitezen?», galdetu du martxaren amaieran Cesar Gomezek, Alestiseko enpresa batzordeko buruak.

Laino beltzak

COVID-19aren krisiak gehien kolpatu duen sektoreetako bat da aeronautika, eta enpresa gehienek kaleratzeak iragarri dituzte. Pandemiaren aurretik hasi zen atzeraldia, eta hori areagotu egin da orain. Enpresak krisiaren aurreko emaitzetatik oso urrun daude: %30-50ean. Beharginek kezkaz ikusten dute euren etorkizuna, eta Euskal Herrian ez daude laino beltzetatik salbu.

Zuzendaritzek uda honetan jakinarazitako neurriek agerian uzten dute kolpearen tamaina. 1.000tik gora lanpostu galduko dira. Aernnovak 450 behargin ditu Arabako Berantevillako plantan, eta enpresak %20 inguru kaleratuko ditu. Aciturrik, berriz, 214 lanpostu kenduko ditu bere lau fabriketan —Berantevillan du horietako bat-, eta beste 87 Alestisek, Gasteizko Miñaoko Parkeko lantegiko lantaldearen erdia inguru. Bizkaian, ITPk 194 behargin kaleratuko ditu Zamudioko fabrikatik, eta Lapurdiko Lauak taldeak beste 156 –lantaldearen herena-.

Sindikatuek nabarmendu dute enpresek kaleratzeak ez diren beste neurri batzuk har ditzaketela - «behin behinekoak»: hala nola, lanaldi murrizketak, baimenak eta halakoak-, baina ez dutela nahi salatu dute. «Egoera hau aprobetxatzen ari dira lanpostuak eta lan baldintzak suntsitzeko». Enpresaburuen elkarteek eta Eusko Jaurlaritzako sailburu batzuek asteotan defendatzen ari diren soldata jaitsierak ere baztertu dituzte. «Horrek ez du sakonean dagoen arazoa konponduko», azaldu du Alestiseko Cesar Gomezek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.