Osasuna

Donostiako Ospitalean bi ume jaioberriri emandako arta «arduragabea» ikertzeko eskatu dute

Umeetako bat hil egin da, eta besteak ondorio larriak ditu; zabaldu diren datuen arabera, anestesia eman zieten biei, elikagaiak ematen ari zirelakoan.

arantxa iraola
2020ko irailaren 28a
14:44
Entzun

«Izugarria da». Pazienteen Defendatzailea elkarteko presidente Carmen Floresek atzo hitz horiek erabili zituen Donostiako Ospitalean gertatutakoaren inguruan ezagutu diren albisteei buruzko iritzia emateko. Zabaldu diren datuen arabera, garaia baino lehen jaiotako bi umeri eman beharreko artan akats larri bat gertatu zen erietxe horretan; elikagaiak eman beharrean, anestesia motaren bat eman zieten, eta oker horrek ondorio larriak izan ditu: umeetako bat hil egin da, eta besteari kalte larriak eragin dizkio emandako botikak. Pazienteen Defendatzailea elkarteak EAEko fiskal nagusiari eskatu dio ikerketa bat hasteko zer gertatu den argitzeko.

Gertaeraz zabaldu den informazioaren arabera, Osakidetzak berak familiei emandako txostenetan onartzen da botikak ematean egin zuten akatsa. Hala ere, osasun zerbitzuak ez du ofizialki deus esan atera diren berrien inguruan. Esan dute pazienteen gaineko daturik ez dutela inoiz ematen, eta oraingoan ere ez dutela ezertxo ere adieraziko. Jazoeraren berri eman duen albistearen arabera, urtarrilean gertatu zen.

Pazienteen eskubideen kasuak lantzen dituzten elkarte eta profesionalen arabera, pazienteen %5-%10ek izaten dute  ematen dizkieten botiketan errakuntzaren bat izateko arriskua. Onartu dute, ordea, kasu honen «larritasuna» apartekoa dela. Umeei botikak emateko jarraitu behar ziren «protokoloak» ondo aztertu behar direla esan dute, eta horietan oinarrituta ikusi behar deia hutsegitearen sorburua zein izan zen, erantzukizunak argitze aldera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.