ERREAKZIOAK. Kale borroka gaitzestetik Jarrai, Haika eta Segi erakunde terroristatzat hartzera "tarte handia" dagoela uste du Lehendakaritzak

2007ko urtarrilaren 19a
17:43
Entzun
Haika-Segi auzian Espainiako Auzitegi Gorenak eman duen epaia kritkatu egin du Eusko Jaurlaritzako lehendakaritzak. "Argi dago badirela eta izan direla modu ergel eta gizagabean kale borroka praktikatu duten eta praktikatzen duten gazteak. Hori arbuiagarria da ikuspuntu guztietatik, bonbekin ez baitago prozesurik, indarkeria eta kale borroka ere ez baitira prozesua oinarritzeko zutabeak. Baina hortik Jarrai erakunde terroristatzat hartzera tartea handia dago", azpimarratu dute.

Ildo horretatik, Auzitegi Gorenaren epaia aldatzeko Gorenak izan dituen arrazoiak zeintzuk diren galdetu du Lehendakaritzak eta, halaber, beste auziekin zer gertatuko den galdetu du.

Espainiako Gobernua: "Erabakiak gauza garrantzitsuak ekarriko dizkigu"

Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako Gobernuko presidenteordeak esan duenez, Gorenaren erabakiak "gauza garrantzitsuak ekarriko ditu, seguru". Gobernuak Gorenarekin erabakiarekiko "errespetu osoa" duela dio De la Vegak, "baina erabakia garrantzitsua da".

LAB: "Gobernuaren mendekua ikusten da"

LAB sindikatuak gogor kritikatu du Auzitegi Gorenaren erabakia. "Oso larria da eta hor ikusten da, ETAren su-etena kudeatzeko gaitasunik eza azaldu ondoren, Espainiako Gobernuaren mendeku estrategia". Horrelako erabakiekin "bake prozesurik ez" dela egongo dio LABek.

Aralar: "Iraganeko formula da hori"

Aralarrek dio Auzitegi Gorenaren erabakiak ez duela laguntzen gaur egungo egoera konpontzen eta "iraganeko formula" dela. "Ez dago arrazoirik atzera egiteko", esan du Mikel Basabe bozeramaileak. "Jarraik, Haikak eta Segik, Batasunak bezala, nola ez, legezko erakunde izan behar dute".

PP: "Horrela bukatzen da ETA"

Angel Acebes PPko idazkari nagusia gustura dago Gorenaren erabakiarekin. "Horrela bukatzen dira ETA eta bere ingurua. Epaileek eta fiskalek ulertu dute zer egin behar den", esan du Acebesek. "Espainiar guztiok harro egon beharko genuke erabakiarekin, batasun adibidea delako".

AVT: "ETA bukatzeko bidea da hau"

AVT izan zen Auzitegi Nazionalaren erabakiaren ondoren helegitea sartu zueneko bat, eta gaur esan du Gorenak hartutako erabakia "ETA bukatzeko bidea" dela. Gazte erakundeetako 23 kideak "lehenbailehen" atxilo ditzatela eskatu du AVTk. "Gobernua terroristen aurrean amore ematen ari da baina indarkeriaren biktimek eta gizarteak berak Justiziak amore emango ez duen itxaropena dute oraindik".

Gazte Abertzaleak: "Erabaki kezkagarria da"

EAko Gazte Abertzaleak taldeak esan du Gorenaren erabakia "kezkagarria" dela eta Justizia "eskuin muturreko epaileek" dominatzen dutela salatu du. "Bake prozesua aurrera eraman nahi dutenen kontra egiten dute".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.