ABEE-ak

Jaurlaritzak aldi baterako enplegu erregulazioan daudenentzako osagarria luzatu du

20.000 euro baino gutxiago irabazten duten langileek hilero 100 edo 150 euroko osagarria izango dute aurrerantzean ere, lanaldiaren arabera.

Lanbidek banatu behar ditu osagarriak. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
xabier martin
2020ko irailaren 29a
14:29
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak jakinarazi du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako beharginek Lakuaren osagarria jasotzen jarraituko dutela datozen hilabeteetan. Aldi baterako enplegu erregulazioan dauden beharginek eskatu ahal izango dute laguntza osagarri hori, beren soldataren oinarri arautzailea 20.000 eurotik beherakoa bada. Osagarri hori joan den ekainaren erdialdean onartu zuen Gasteizek, eta Espainiako Gobernuak enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente bereziak urtarrilaren 31 arte luzatzea erabaki ondoren iritsi da osagarria ere luzatzeko deliberazioa.

Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeetako 7.827 langilek eskatu dute gaur arte laguntza hori, baina ordainketak asko atzeratu dira, Lan Sailak onartu duenez, eta urrian hasiko da Lanbide osagarri hori dagokionari ordaintzen, atzerako eraginez. Elkarrizketa Sozialerako Mahaian hartutako erabakia dela zehaztu du Idoia Mendiaren ardurapeko sailak. Lanaldi erdia daukatenek 100 euroko laguntza jasoko dute, Gizarte Segurantzatik jasotzen dutenetik aparte (beren ohiko soldaten %70); aldi baterako enplegu erregulazioan dauden lanaldi osoko beharginek 150 euroko osagarria izango dute, betiere 20.000 eurotik beherako soldatapeko badira.

Lanbideren bidez eskatu behar dira osagarriak online formulario bat betez. Espainiako SEPEk orain arte jasotako eskaeren datuak berretsi ondoren hasiko da Lanbide ordaintzen osagarriak, urrian dagoeneko. Enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean dauden beharginek ezingo dute jaso beren ohiko soldata baino kopuru handiagorik osagarriari esker.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.