Kontsumitzaileak

Hondartzan algak zeudelako kalte-ordainak ordaindu beharko ditu bidaia agentzia batek

Riviera Mayara (Mexiko) joan ziren bezeroak, baina ezin izan zuten hondartzan bainurik hartu algen inbasio baten ondorioz. Orain, Bilboko epaitegiak 5.373 euroko kalte-ordainak ordaintzera kondenatu du agentzia, inbasioaren berri ez emateagatik.

Quintana Rooko hondartza (Mexiko), iaz, algaz josita. ALONSO CUPUL / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko irailaren 30a
16:57
Entzun

EKA Euskal Kontsumitzaileen Elkarteak jakinarazi duenez, «epai garrantzitsu bat» lortu du gaur: Bilboko epaitegiak bidaia agentzia bat kondenatu du 5.373 euro ordaintzera bezero izandako familia bati, bidaiatu zuten hondartzan, Riviera Mayan (Mexiko), ezin izan zutelako bainurik hartu algen ondorioz.

Epaiaren arabera, hondartza da hango turismoaren erakargarritasun garrantzitsuenetako bat, eta agentziak ez zien bezeroei egoeraren berri eman bidaia kontratatu zutenean. Bidaiako zerbitzu guztiak agentzian hartu zituzten: bidaia, hotela eta abar. Mexikora iristean, ordea, ohartu ziren ezingo zutela hondartzan bainurik hartu, algen inbasio baten ondorioz bainua debekatuta zegoelako; urtikaria eragin dezakete alga horiek.

Bezeroen arabera, agentziak bazuen Mexikoko egoeraren berri, baina ez zien jakinarazi. Bidaia erosi zutenean, 2018ko maiatzean, gauza jakina zen algen inbasio bat bazela Riviera Mayan. Horregatik, erantzukizuna haiena zelakoan, kalte-ordainak eskatu zizkioten agentziari.

Orain, epaile batek eman die arrazoia: ordaindutakoaren %30 itzuliko die bidaia agentziak (2.613 euro), eta eragindako kalte moralengatik bezero bakoitzari 900 euroko kalte-ordaina ere ordaindu beharko die (2.700 euro guztira). EKAk abisatu du, ordea: «Epaia ez da irmoa eta apelazioa jar daiteke». Epaia garrantzitsutzat jo dute, «antzeko kasu asko daudelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.