Txirrindularitza

Arrateko eta Urduñako igoerak ikuslerik gabe egingo dira Vueltan

Lehen etapa Arraten amaituko da, eta Urduña bi aldiz igoko dute txirrindulariek zazpigarren etapan.

Arrateko helmuga, iazko Euskal Herriko Itzulian. ARITZ LOIOLA / FOKU
2020ko urriaren 6a
10:45
Entzun

Espainiako Vueltak eta Eusko Jaurlaritzak akordio bat erdietsi dute, eta Arrateko (Gipuzkoa) eta Urduñako (Bizkaia) igoeretan ez da ikuslerik egongo. Vueltak ohar baten bidez adierazi duenez, Jaurlaritzak azaldu die egungo egoera epidemiologikoak ez duela «baimentzen» halako ekitaldi jendetsurik egitea leku horietan: «Bi mendateen ezaugarri orografikoek izugarrizko zailtasuna sortzen dute pertsonen arteko gutxiengo segurtasun tartea kontrolatzeko orduan». Neurri horrek ez die eragingo gainerako ibilbide zatiei.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adostutako neurrien arabera, txirrindularitza lasterketa bat egin ahal izateko beharrezkoa da lehenik eguneko ibilbidea zati zehatzetan banatzea. Espazio horietako bakoitzak gehienez mila laguneko edukiera izan behar du. Arazo nagusia, ordea, pertsona arteko metro eta erdiko segurtasun tartea bermatzeak dakar. Izan ere, neurriaren arabera, beharrezkoa da ikuslearen eta txirrindularien artean ere distantzia hori bermatzea. Jaurlaritzaren esanetan, hori ezinezkoa da bi puntu horietan.

Aurtengo Vuelta ohi baino laburragoa izango da, eta hemezortzi etapatik lau etapa igaroko dira Euskal Herritik. Irun (Gipuzkoa) eta Arrateko gaina elkartuko ditu lehen etapak, urriaren 20an, 173 kilometroko ibilbidearekin. Azken mendate horretan, ordea, ez dira errepikatuko Euskal Herriko Itzulian ohikoak diren irudiak. Bigarren etapak Iruñea eta Lekunberri (Nafarroa) lotuko ditu, Urbasa eta Aralar igaroko dituen 151 kilometroko ibilbidearekin. Hirugarrena ere Nafarroatik hasiko da, Lodosatik, baina Laguna Negran (Gaztela eta Leon) amaituko da, 161 kilometroko bidea eginda. Bi etapa horietako ibilbideekin zer gertatuko den ez du azaldu Vueltako antolakuntzak, baina adierazi du lasterketa igarotzen den erkidego bakoitzeko gobernuekin hizketan ari direla. Tartean dago Nafarroakoa ere.

Lehen atseden egunaren ostean, zazpigarren etapan itzuliko da Vuelta Euskal Herrira. Etapa horrek Gasteiz eta Uribarri Gaubea (Araba) elkartuko ditu. 159 kilometro izango ditu, eta bi aldiz igoko dute Urduña mendatea. Hori izango da eguneko gain bakarra, eta ez du ikuslerik izango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.