Durangoko airearen kalitatea ona dela adierazi du Eusko Jaurlaritzak

Jaurlaritzak adierazi du Durangoko Udalak irailean aurkeztutako ikerketa murritza dela, lagin gutxiegi dituelako. Lasai egoteko mezua helarazi nahi izan die herritarrei.

Iurretako paper fabrikaren artxiboko irudia. JON HERNAEZ/FOKU
Maria Ortega Zubiate
2020ko urriaren 7a
16:21
Entzun

Durangoko eta Iurretako airearen kutsadura Europako zuzentarauek ezarritakoaren azpitik dagoela adierazi du Eusko Jaurlaritzak; hau da, metro kubikoko 5 mikrogramoren azpitik. Eusko Jaurlaritzaren adierazpena Durangoko Udalak irailean adierazitako kezkaren ostetik dator; izan ere, udalak ikerketa bat aurkeztu zuen adieraziz batzuetan bentzeno kantitatea 700 mikrogramora heldu zela. Datu horiek ezeztatu ditu Jaurlaritzak, lagin gutxiegi erabili zituela iritzita, eta lasaitasun egoteko esan die herritarrei.

Eusko Jaurlaritzak 2017tik airearen kalitatea aztertzen duela jakinarazi du, 60.000 laginetik gora dituela. Datu horien arabera, Durangoko eta Iurretako aireko bentzeno mailaren batezbestekoa 0,65 mikrogramokoa dela adierazi du, Europako Batasunak ezarritako mugatik «oso azpitik». Durangoko Udalak aurkeztutako ikerketan lagin gutxi egoteaz gain, aztertutako enpresek «neurri zuzentzaileak» oraindik hartu gabe zituztela adierazi du. Hain zuzen ere, 2020an 1,7 milioi erabili ditu Jaurlaritzak enpresetan neurriak ezartzeko, berak kaleratutakoaren arabera.

Jaurlaritzak jakinarazi du bentzeno mailak ziurtatzeko hurrengo kanpaina azaroan jarriko duela martxan, laborategi mugikor baten bidez, «airearen kalitatearentzat urteko garairik txarrena» dela ohartarazi badu ere. Durangoko eta Iurretako Udalekin «lankidetzan jarraitzeko prest» agertu da Jaurlaritza; herritarren kexen erregistroa egiteko eskatu die, eta emisioen mailen berri denbora errealean ematea proposatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.