Gizartea

Arabako zahar etxeetako langileak kalera atera dira, lehen greba egunean

ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek deitu dute grebara, «hitzarmen duin baten defentsan».

Arabako zahar etxeetako langileek giza katea egin dute gaur goizean. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2020ko urriaren 7a
18:03
Entzun

Arabako zahar etxe pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileek greba egin dute gaur, iragarritako hiru lanuzteetatik lehenengoa –azaroaren 11n eta 25ean ere antolatu dute–. ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek deituta egin dute greba, lan hitzarmen propio bat eskatzeko. Izan ere, langileek probintzia mailako hitzarmena negoziatu nahi dute, baina, salatu dutenez, oraindik ere negoziazio mahaia irekitzeko eskaeraren berririk ez dute. Sindikatuek diote 2019ko urtarrilean mobilizazioekin hasi zirenetik ez dela aurrerapausorik eman, eta Arabako Foru Aldundiari leporatu diote auzian «pasibotasunez» jokatzea. Adinekoen egoitzetako langileek «zainketen prekaritatea» eta sektoreko lan baldintza eskasak gaitzetsi dituzte, eta salatu horiek are okerrago daudela koronabirusaren pandemiaren eraginez.

Eusko Jaurlaritzak %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu gaurko greba egunerako, eta sindikatuek salatu dute Arabako egoitzetako langileen greba eskubidea «%100 eta larriki urratzen» duela horrek. «Erizain laguntzaileek, garbitzaileek, erizainek eta medikuek ezingo dute grebarik egin, eta horrek agerian uzten du sektoreak gutxienekoetan lan egiten duela urte osoan».

Greba egunarekin batera, langileak kalera atera dira Gasteizen goizean protesta egitera. Giza katea osatu dute Plaza Berritik Arabako Foru Aldundiaren egoitzaraino. Arratsaldean, berriz, manifestazio bat egingo Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta, 18:30ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.