EHU-ko hauteskundeak

EHUren «engranajea ahalik eta onena izatea» jarri du xede Eva Ferreirak

Euskal Herriko Unibertsitateko errektoregai izango dela baieztatu du. Azaroaren 26an egingo dituzte bozak, eta oraingoz Ferreirarena da hautagaitza bakarra.

Eva Ferreira, gaur, Bilbon, bere hautagaitza baieztatzeko agerraldian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2020ko urriaren 9a
14:21
Entzun

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektore izaten saiatuko dela berretsi du Eva Ferreirak. Agerraldia egin du gaur goizean Bilbon, ofizialki jakinarazteko hautagaitza aurkeztuko duela, «EHUko komunitatean dudan konfiantzak bultzatuta». Bere egitasmoari eta lantaldeari buruzko xehetasunik ez du eman oraindik, baina nabarmendu du ondo ezagutzen dituela unibertsitatea eta haren funtzionamendua: «Badakit pieza oso onak ditugula, eta nire helburua da engranajea ahalik eta onena izatea: ondo dabilena egiten jarraitzea, eta nahi dugun mailan funtzionatzen ez duena hobetzen saiatzea».

Azaroaren 26an egingo dituzte EHUko hauteskundeak; momentuz, Ferreirarena da ofizialki aurkeztutako hautagaitza bakarra, eta ez da espero besterik izatea. Hain justu, azken urteetako errektoreen ildo berekoa izango da Ferreiraren hautagaitza, egitasmo horietan parte hartu izan baitu errektoregaiak: 2004-2008 artean, Juan Ignacio Perez Iglesias errektore zela, Akademia Antolakuntza eta Koordinazioko errektoreorde izan zen Ferreira, eta, ondoren, Iñaki Goirizelaiaren agintaldian, idazkari nagusia izan zen. Azken urteetan Unibasq erakundeko zuzendaria izan da, EAEko unibertsitateetako kalitate agentziako zuzendaria, baina joan den urrian utzi zuen postua.

Ferreira Barakaldon (Bizkaia) jaioa da 1963an; Ekonomia Aplikatuko katedraduna da EHUn, eta, besteak beste, ikergai izan ditu genero arrakala eta emakumeen kristalezko sabaia. Ingelesez eta gaztelaniaz garatu du ikerketa ibilbidea, eta azken urteetan ikasi du euskara. Gaztelaniaz erraztasun handiagoz mintzo den arren, elebitan irakurri du gaurko mezua, euskaraz eta gaztelaniaz, edukirik errepikatu gabe. Eta Immanuel Kant filosofoaren aipu batekin abiatu du hitzaldia: «Giza adimena ziurgabetasuna kudeatzeko gaitasunaren arabera neurtzen da».

Izan ere, bozak irabaziz gero, pandemia garaia kudeatzen segitzea egokituko zaio Ferreirari. Aitortu du osasun krisia «azken hamarkadetako esperientziarik zail eta gogorrenetako bat» dela, baina nabarmendu du EHU aurrera egiten ari dela, unibertsitate komunitatearen lanari esker: «Eguzkia ateratzen denean garbiketa lanak hasten dituztenen lanari esker, administrazio eta zerbitzuetako langileen eguneroko lanari esker, irakasle eta ikertzaileen lanari esker, zuzendaritza taldeen lanari esker eta ikasle bakoitzaren erantzukidetasunari esker. Euskal Herriko Unibertsitatea erakusten ari da aldeko egoeretan oso ona dela, baina egoera txarretan, are hobea». 

Era berean, bere ibilbidea aipatu du, goi ikasketen publikotasunaren garrantzia azpimarratzeko: «Galiziar immigranteen alaba eta familia ugariko kidea naiz: merkatuko prezioan ikastea ez zen aukera bat gure etxean. Baina EHUn matematika ikasteko aukera izan nuen, eta, ondoren, arlo horretako institutu ospetsuenetako batean master bat egitekoa. Han konturatu nintzen zein prestakuntza ona jaso nuen». Erronka sozialei ere erreparatu die: «Garapen iraunkorreko helburuek eta 2030 agendak helburu berri bat eransten dute gure unibertsitatean: euskara eta euskal kultura bultzatzea». 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.