Zamaketariak

Zamaketari guztiek egin dituzte lanuzteak Bilboko portuko lehen greba egunean

Bi orduko etenaldiak egin dituzte txanda bakoitzean eta hamahiru ontzi egon dira zain. Asteburuan egun osoko lanuzteak hasiko dituzte.

Bilboko zamaketariek protestaldia egin dute portuko sarreran dagoen biribilgunean. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko urriaren 9a
15:19
Entzun

Bilboko portuko zamaketarien langile batzordeak «arrakastatzat» jo du hamasei eguneko grebaldiko lehen eguna. Hala jo du behintzat Israel Ruiz UGTko kideak. Zamaketari guztiek egin dute goizeko txandako greba —09:00etatik 11:00etara—, eta arratsaldekoan beste hainbeste espero da. Langile batzordeko sindikatu guztiek deitu dute grebara, ELAk izan ezik, baina haien afiliatuek ere egin dituzte lanuzteak. Grebaren ondorio hamahiru ontzi egon dira zain portuan.

Hamasei eguneko greba da, eta lau eta hogeita lau orduko lanuzteak txandakatuko dituzte hilaren 5era arte. Urriaren 13a, 19a eta 20a ez beste egun guztietan hogeita lau orduko grebaldiak egingo dituzte. Zamaketariek urtebete egin dute lan hitzarmen berria negoziatzen, eta azken bi hilabeteetan enpresak atzerapausoak eman dituelako antolatu dute greba. Azken eskaintza asteazkenean jaso zuten, baina aldaketa txikiak ziren, eta ez zituen langileak asebete.

Zamaketariek, besteak beste, egutegiari eta atseden sistemari buruzko eskakizunak dituzte. Jarduna liberalizatu berri da, eta portuan lan egiteko modua birrantolatu behar dute. Zortzi urte dira ez dietela soldata eguneratzen, baina sindikatuek esan dutenez hori ez da punturik gatazkatsuenetako bat. Ez da berdin gertatzen langile berrien kontratazioarekin. Hamabi urte BilboEstiba portuko zamaketariak kudeatzen dituen enpresak ez duela kontratu finkorik egiten, eta tarte horretan, erretiroen eta heriotzen poderioz, langile finko multzoa 405etik 320ra murriztu da. Behin-behinekoen kopurua, aldiz, iaz bikoiztu egin da: 60tk 116ra. Tartean badago hamabi urte behin-behineko kontratupean egin duenik.

Greba egingo dute bai, baina portuko agintaritzak gutxieneko zerbitzu handiak ezarri ditu —gaur bertan ezagutu dituzte—: %100 pertsonen, eta merkantzia galkor eta arriskutsuetan, eta %50 beste oinarrizko zerbitzu batzuetan. Lehiaren Euskal Agintaritzak ere ohartarazi ditu deitzaileak lehiari eragiten dioten ekintzarik ezin dutela egin. Sindikatuak kexu agertu dira agintaritzaren oharra ez delako batere argia eta ez duelako zehazten zeintzuk diren zerbitzu horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.