Europako Batasuna

ELAk salatu du Europaren diru laguntzak «betikoei» mesede egiteko direla

Eusko Jaurlaritzak aurkezturiko lehen zerrendan «nepotismo zantzuak» ikusi ditu sindikatuak; «xantaiatzat» jo ditu Europak funtsen trukean jarritako baldintzak

Bizkaia Dorrea, Bilbon. Harentzat EBren dirua eskatu du Jaurlaritzak. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko urriaren 12a
17:54
Entzun

ELA sindikatuak gogor kritikatu du Eusko Jaurlaritzak Europako Next Generation (NGEU) planeko diru laguntzak lortzeko eginiko lehen zerrenda. Aurreproiektu horiek «enpresa jakin batzuei» diru publikoa emateko direla uste du, eta ez dutela balio trantsizio ekologikorako, ezta pandemiaren ondorioei aurre egiteko ere.

Kritikan sakonduz, zerrendan «nepotismo zantzuak» ikusi dituztela esan du, eta funtsei loturiko baldintzetan gutxi sakondu dela nabarmendu: «Funtsak eta murrizketak eskutik doaz. Europak, lehen, beltzezko gizonak bidaltzen zituen; orain, aldiz, beste estilo bat du. Gastu publikoaren murrizketa eskatuko du», azaldu du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak.

Lakuntzaren ustez, «oso agerikoa» da Jaurlaritzaren zerrendaren atzean zer helburu dagoen: «Betikoei diru laguntzak ematea da. Ez da eredu aldaketa; enpresa jakin batzuei dirua emateko da, dagoeneko martxan dauden proiektu batzuetarako». Sindikatuak Europako funtsen tranpa deritzon txosten bat idatzi du, eta Lakuntzak txostenaren aurkezpenean argudiatu zuen bere iritzia.

Haren arabera, balizko funtsen laurdenak AHTarentzako lirateke, eta beste laurdenak Petronor eta Iberdrolaren proiektuentzat. «Lotsagarria da AHTaren moduko proiektu batek hainbesteko tartea hartzea [ELAk dio 2.712 milioi euro direla], Europako Batasunak berak ezbaian jarri duela kontuan harturik. Azken txostenetan adierazi du kostuaren gainetik ari dela eta errentagarritasun sozial urria duela.

Iberdrolaren eskaerari buruz ere gogor mintzatu da: «Irabazien errekorra hobetu duen urte berean 1.400 kaleratze egingo dituela iragarri duen enpresa bat da, eta, gainera, zerrendan sartu dute». Salaketa zorrotzenetakoa, dena den, nepotismoarena da, hau da, erakunde publikoek agintarien familiakoei nahita laguntzea. «Jaurlaritzaren zerrenda Price Waterhouse Coopers aholkularitzak egin du, eta Espainiako iparralderako haren burua Asier Atutxa da. Bada, zerrendan 26 milioi euroko laguntza ezarri dute Bizkaia Dorrerako, eta jakina hark kudeatuko duela dorrea». Juan Mari Atutxa barne sailburu izandakoaren semea da.

«Ziria sartzeko modua»

Jaurlaritzaren banaketaz haratago, funtsen izaera ere ezbaian jarri du sindikatuak. «Ez dute balioko larrialdi egoera honetako kalteak konpontzeko, eta ez dira Jaurlaritzaren edo Nafarroako Gobernuko aurrekontuetan sartuko; beraz, ez dituzte horiek orekatuko». Lakuntzaren ustez, ez da arreta handia jarri funtsen baldintzen hizki txikian: «Funtsak lortzeko baldintzak eskatzen dituzten estatuei xantaia egiteko mekanismo bat dira». Zergatik? ELAk txostenean aletu ditu arrazoiak: «Europako Batasunaren agiriak argi dio funtsak eta erreformak guztiz lotuta joango direla. Ez dute intentziorik ezkutatu. Honelako erreformak izan daitezke: pentsioena, lan merkatuarena, eta austeritate aurrekontu-politikak».

Baldintzak horiek direla ikusita, ELAk dei egin dio ezker politikoari: «Harrituta gaude ezkerreko politikari batzuek aukera gisa aurkezten dutelako; funts hauek zerbaitetarako aukera badira, agenda neoliberalean sakontzeko aukera dira».  Euskal Herriko alderdiei gogoratu zien ezkerrak ez duela Europan agintzen, eta funtsen atzean dagoen logika dela zalantzan jarri behar dena.  «Ziria sartzeko modu bat da hau, eta ezin dute onartu. Eztabaida ezin da izan zer proiektuk jasotzen duen dirua eta zeinek ez, baizik eta funtsa bera jarri behar da auzitan».

Horiek horrela, eta aurrera begira jarrita, ELAk argi du funtsa ez dela «milioi zaparrada bat» izango, eta pandemiaren krisiaren konponbidea bertan dagoela: «Gure herrialdera begiratu behar dugu, eta funts propioak bilatu». Alde horretatik, sindikatuak azken hilabeteetan egin zuen aldarria errepikatu zuen Lakuntzak; zerga erreforma beharrezkoa dela, «egiteko aukera dagoelako». Horregatik, eskaera egin zien Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari: ez dezatela «despistera» jokatu, funtsen inguruko «egia osoa» kontatu dezatela, eta «erreakzionatu» dezatela funts propioak aktibatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.